EH Bilduk oharra zabaldu du jakinarazteko ez dagoela ados Aiarako Kuadrillaren osaketa berriarekin. Izan ere, asteazkenean EAJk eta PSE-EEk babestu zuten udalbatzaren ahalik eta eskumen gehien Udal Gobernu Batzordearen esku uztea eta organo horretan kuadrillako alkateak egongo dira soilik. Hau da, EAJren 4 kide eta EH Bilduko bakarra.
Erabakiak aurrera egin zuen EAJ eta PSE-EEko 15 botoren bitartez. Omniak, Okondo Aurrerak eta EH Bilduk aurka bozkatu zuten. Koalizioak salatu du tokiko aniztasun politikoa bi alderdira mugatuko dela. Halaber, erantsi du erabakiak udalbatzaren gaitasuna indargabetu duela eta informazio batzordeek -zeinetan alderdi guztiak dauden- ez dutela ezertarako balio.
Antza, ordezkariek parte hartze murritza izan zutela argudiatu du EAJk erabaki hori hartzeko. Baina, EH Bilduren aburuz, jeltzaleek ez dute daturik eman iritzi hori babesteko.
Azkenik, koalizioak azpimarratu du proposamena ez zela aurretik eztabaidatu eta jeltzaleak euren gehiengoa baliatuta estreinatu direla.