Urriaren 29an Tubacex enpresako sindikatu guztiek deialdi bateratua egin zuten grebara jotzeko 24 orduz. Langileen ordezkariek adierazi zuten pozik zeudela beharginen erantzunarekin eta enpresako arduradunei egotzi diete eurek proposatutako segurtasun eta prebentzio neurriak baztertzea. Sindikatuko bozeramaileek jakinarazi zuten behin betiko kontratua zuten beharginak ez zirela joan lanera eta ekoizpena geldituta zegoela.
Grebaren arrazoiei dagokienez, langileen erakundeek azaldu dute uztailean Laudioko faktorian gertatutako istripuaren ostean -herriko gazte bat hil zuena-, hasi zirela segurtasun eta prebentzio neurrien zerrenda osatzen zuzendaritzarekin eztabaidatzeko. Irailean beste langile bat zendu zen bere lanpostuan, baina, hala ere, sindikatuen aburuz, enpresak ez ditu aintzat hartu eurek iradokitako aldarrikapenak eta ez du urratsik egin norabide horretan.
Finean, ELAk, STATek, CCOOk, USOk, LABek eta Independenteek honakoa eskatu dute: benetako prebentzio eta mantenua, langile baten falta aurreikusita dagoenean beste batekin betetzea hutsune hori eta azpiegiturak hobetzea, "txatarra hutsa baitira batzuk”. Hau da, inbertsioak azpiegituretan eta mantenu tresnerian, prekarietatea ekiditeko planteamenduak eta segurtasunean zein prebentzioan arreta.Horrela, sindikatuek zuzendaritzari aurpegiratu diote segurtasun, prebentzio eta mantenu politikak ez aldatzea, nahiz eta udan bi langile hil diren euren ardurak betetzen.
Gainera, udan jazotako bi heriotzek lan giroa gutxi berotu bazuten, urrian zenbait astez mimo bat egon zen Amurrio eta Laudioko fabriketan txartel horiak erakusten EPIak -norbera babesteko ekipamendua- jarrita ez zituztenei. Tubacexeko behargin ugarik irain moduan hartu zuten hori eta, berez, ekimena txantxatzat jo bazuten askok hasieran, gerora haserrea piztu du.
Horren isla izan zen Laudioko atean egindako mobilizazioan greba egunean gertatutakoa, hainbat langilek pegatina jarri baitzuten “gure segurtasuna ez da pailazokeria” leloarekin.
Enpresaren erantzuna
Sindikatuen akusazioen aurrean, Tubacex enpresako zuzendaritzak, ordea, argudiatu du segurtasunean gastua bost aldiz biderkatu dela azken urteotan, 12 milioi euroko kopurura heldu arte. Horrez gain, enpresa arduradunek gehitu dute medikua eta 6 erizain dituztela lanaldi osoz, beharginak ahalik eta lasterren artatzeko. Tubacex taldearen ustez, oso enpresa gutxik egiten dute ahalegin hori.
Bestalde, zuzendariek aipatu dute prebentziorako trebakuntzan 36.000 ordu eta 1,8 milioi euro inbertitu direla azken 6 urteetan eta aurten %33an handitu dutela formakuntza denbora.Halaber, Tubacex taldeak nabarmendu nahi izan du eskualdearekin duen konpromisoa: azken 10 urteetan produktu estrategikoak ekoizteko 100 milioi euroko inbertsioa gauzatu du eta 100 lanpostu sortu ditu.
Bukatzeko, zuzendaritzak gogoratu du bere efektu ekonomikoa eskualdean oso handia dela, 1000 langile izateaz gain, harremana duelako erakunde publikoekin, ikastetxeekin eta merkatariekin.
Ernaiko kideen epaiketa
Ernaiko kideen epaiketaren afera ere dago mahi gainean. Bi epaiketa izango dituzte hurrengo hilabeteetan gazte antolakunde horretako sei kidek. 5.200 eurotik gorako kalte-ordain eskaerari egin beharko diote aurre aipatutako bi lan heriotzak salatzeko eginiko ekimenak direla eta. Ernaik salatu duenez, enpresako zuzendaritza izan da salaketak jarri dituena, “langile elkartasuna kriminalizatzeko helburuarekin”.