Pokemon Go, bere jarraitzaileak elkartzen dituen jokoa

Aitor Aspuru Saez 2019ko aza. 8a, 10:00

2016ko udan hedabide guztietan agertu zen Pokemon Go sakelako jokoa. “Boom” horren ostean fenomenoa ahanzturan erori zela zirudien, baina jokalari kopurua ez da murriztu. Kontrara, biderkatu egin da. Aiaraldean maiz batzen dira elkarrekin aritzeko.

Ziur irakurle batek baino gehiagok noizbait harriduraz ikusi duela azken urteotan heldu, gazte eta haur talde bat elkarrekin, norbera bere sakelakoaren pantailara begira. Herriguneetan batzen dira aldiro eta agertzen diren moduan sakabanatzen dira. Talde anitz eta misteriotsu horien atzean joko bat dago: Pokemon Go.

Sakelakoan instalatu daitekeen doako denborapasa hori 2016ko udan agertu zen modu zirraragarrian. Hedabide guztietan aipatzen zuten eta aste horietan gazte eta nerabe kuadrillak  han-hemenka ibiltzen ziren sukar  arraro baten menpe Pokemonen bila, oporrak baliatuta.

Hala ere, eztanda horren ostean, Pokemon Go hedabideetatik desagertu zen. Ez, ordea, jokalarien artetik. Abuztuan 1.000 milioi deskarga izan zituen aplikazioak eta eskualdea da horren isla, gero eta jende gehiago sartzen baita buru-belarri jolastera.

Gainera, adinak ez dauka inolako garrantzirik. Esaterako, Laudion oso aktiboak dira Juan Lechado eta Jose Antonio Lopez. 61 eta 48 urte dituzte, hurrenez hurren, eta jokalari sutsuak dira. Lechadok hasieratik bereganatu zuen, “2016ko uztailaren 13an, hain zuzen, kaleratu zuten egunean”. Lopezek, aldiz, urtebete beranduago ekin zion.

Bientzat entretenimendu hutsa eta osasungarria da. Biak daude erretiratuak eta Pokemonak ehizatzea aitzakia bikaina da kalera ateratzeko eta paseatzeko. “Nik muga fisiko ugari ditut eta ezin naiz mendira joan, kaletik soilik ibili naiteke” nabarmendu du Lechadok. Jokoak berak ibilbideen datuak neurtzen ditu eta lekukotza adierazgarria ematen du: Lechadok 15.000 kilometro baino gehiago bete ditu. Lopezek, aldiz, 5.000 kilometrotik gora.

Gauzak horrela, hasieran haurrei lotutako joko bezala salto egin bazuen hedabideetara, azkenean mota ugariko lagunek erabiltzen dute. “Nik Madrilgo 80 urteko jendearekin jokatu dut, eta Laudion 65 urteko beste jokalari bat ere badago, adibidez” azaldu du Lechadok.

Taldeka dibertigarriagoa da
Pokemon Go banaka jokatzeko asmakizuna da. Norberak daukan denbora eskaini diezaioke, baina ez du baztertzen taldeka aritzeko aukera. Hori baliatuta, Niantic enpresak (jokoaren sortzaileak) gertakariak iragartzen dituenean, jokalariek deialdiak egiten dituzte batzeko eta elkarrekin helburuak betetzeko. Lopezek argitzen duen moduan: “Kondairazko Pokemon bat askatzen dutenean batzen gara. Jokalari bakarrak ezin du harrapatu; hortaz, guztion artean egiteko elkartzen gara. Beste kasu batzuetan, balio handiko Pokemona agertzen da inguruan eta elkarrekin joaten gara guztiok lortzeko”.

Hitzorduak zabaltzeko “Pokemon Aiaraldea” whatsapp taldea osatu dute eta nahi duenak eskatu diezaieke baimena sartzeko eta parte hartzeko. Orain 133 kide daude, adin guztikoak eta herri ugarikoak -Urduña, Okondo, Luaiondo, Artziniega, Arespalditza, Amurrio, Orozko...-, eta etengabeko mugimendua dago; jokalari batzuek uzten badute, berriak sartzen dira berehala.

“Jendea ezagutzeko parada ona da. Batzuetan kaletik noa eta ume batzuek agurtzen naute badakitelako 'Uno de Laudio' jokalaria naizela. Beste batzuetan Juanekin geratzen naiz kafe bat hartzeko eta apur bat jokatzeko” erantsi du Lopezek.

Jokoaren mekanika
Pokemon Gok proposatzen duen funtzionamendua erraza da: ahalik eta Pokemon gehien harrapatu behar dira eta puntuaketa gorena erdietsi behar da. Animalia birtual horien arrautzak eklosionatzeko 2, 5 edo 7 kilometroko ibilbideak bete behar dira.

Hori ez ezik, Pokemonak ehitzatzeko beharrezkoak dira bola batzuk ere eta horiek eskuratzeko “geltokietara” jo beharra dago. Oro har, leku horiek herriko puntu esanguratsuetan daude; historikoak edo adierazgarriak direlako. Gainera, Nianticek “geltoki” berriak onartzen ditu, erabiltzaileek proposatuta. “Laudion Ruperto Urkijoko monumentua, eliza edo graffitiak dira” argitzen du Lopezek. “Gimnasioetan” aldiz, Pokemonak sortzen dira, harrapatu ahal izateko.
Jokoaren interesa berritu eta pizteko, noizean behin diseinu berriak plazaratzen dituzte eta jadanik 500 Pokemon baino gehiago daude. Bost belaunaldi dira eta apurka-apurka egiten dituzte erronken bidez. Horrez gain, tokiko Pokemonak ere badaude. Kasu horietan, bidaiariekin ados jartzen dira jokalariak, beste lurralde batetik hona ekartzeko eta partekatzeko.

Jokoaren onurak
Lechadok eta Lopezek argi dute Pokemon Go joko hutsa dela, baina ohitura osasungarriak sustatzen dituela uste dute: “Kalera atera behar zara ibiltzera. Gu erretiratuak gaude eta obrak ikusten edo tabernan alkohola edaten aritu ordez, nahiago dugu jokatzea eta paseatzea. Ez diogu kalterik egiten inori, guztiz kontrakoa, “geltokien” bitartez zure herriko eta inguruko aberastasun kulturala ezagutu dezakezu eta. Gainera, noizbait aspertzen bagara, utziko dugu eta listo”.

Pokemonen fenomenoa
Jende askorentzat Pokemon (Pocket Monsters hitzen batura) marrazki bizidunen bidez egin zen ospetsu. Berez, Euskal Herrian ikusteko aukera izan baino lehen, Pokemonek zoritxarreko ospea lortu zuen mundu osoan telesailaren atal batek 600 ume baino gehiagorengan krisialdi epileptikoak eragin zituelako koloreen aldaketa azkarraren ondorioz.

Edonola ere, "Pokemon" kontzeptua hori baino lehenago garatu zuten, Game Boy bideokontsolan agertu baitzen lehenengo aldiz. Denboraren poderioz, Ash, Pikachu, Brock edota Team Rocketaren abenturak pop kulturaren ikur bilakatu dira. Horren adierazle da sakelako jokoak izan duen deskarga kopurua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide