Lehen sektorearen inguruan hausnartzeko hitzaldiak antolatu dituzte gaur Orozkon eta Laudion

Julen Solaun Martinez 2019ko aza. 8a, 09:17

Udal hiltegiako artxiboko irudia. / Aiaraldea.eus

Abeltzaintzaren etorkizunaren inguruko hitzaldia egongo da gaur Orozkon, 19:00etatik aurrera. Laudion, ordu berean, Europar Batasuneko hiltegi motak aztertuko dituen beste solasaldia ere egongo da.

Bi hitzaldi egongo dira gaur, Laudion eta Orozkon, eskualdeko abeltzaintzaren egoeraren inguruan. Orozkoko hitzaldiak, mahai inguru moduan antolatua, mendi abeltzaintza eta belaunaldien arteko erreleboa izango ditu hizpide.

Laudiokoa, aldiz, Europar Batasuneko hiltegien inguruan arituko da. Biak hasiko dira 19:00etan, Orozko Museoan eta erabilera anitzeko aretoan Laudiokoa.

Orozkon, EH Bilduk, Supelaur Kultur Elkarteak eta Itxina Abeltzain Elkarteak bultzatuta, “abeltzaintzaren inguruko arazoak” azalduko dira. Problema nagusietako bat eskualdeko abeltzainen arteko zahartzea da, Zigor Gorostiaga abeltzainaren arabera: “Abeltzaintza, gaur egun, edadeko jendearekin erlazionatzen da, gazteengatik urrundu da”.

Era berean, lehenengo sektoreak eskaintzen dituen ibilbide profesionalak azaltzea izango da solasaldiaren xedea, Gorostiagak esan duenez: “administrazioak zer laguntza publiko mota ematen dituen jakinaraztea”.

Bestalde, “abeltzain gazteen esperientziak” plazaratzea ere izango da Orozkoko hitzaldiaren helburua, “lanbide duina dela erakusteko”.

Hitzaldi hori, eskualdeko lehenengo sektorea berrindartzeko proiektu luzeago baten lehenengo pausua izanik, “gazteen artean ondorioak bilatzea” du xede nagusi, etorkizuneko egoera hobeto bideratu ahal izateko.

Nahiz eta antolatzaileek badakiten hitzaldi honekin ez dela “ezer lortuko”, “eztabaida sortzeko” oinarri sendo bezala planteatu dutela dio Gorostiagak: “Gero, gazteentzako erraztasunak administrazioarekin batera eman beharko dira”.

Laudion, hiltegi motak hizpide
Laudion, esan bezala, Europar Batasuneko langile baten bidez, garai honetan kontinentean zer hiltegi mota sortzen ari diren azalduko da. Gainera, Iñaki Urkixo abeltzainaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko legediak zer muga eta aukerak eskaintzen dituen azalduko du hizlariak.

Horren harira, Urkixo ez da oso optimista azaldu gaur egungo egoerarekin. Bere iritziz, Euskal Herrian ez dira aprobetxatzen legediak ematen dituen aukera guztiak.

Aipatu beharra dago ere, hitzaldi hau Laudiok udan udal-hiltegiarekin izandako arazoetatik “haratago” doala, Urkixoren arabera: “Baliteke jatorria itxiera izatea, baina hau puntu eta aparte bat da, Euskal Herrian zer motako hiltegiak behar ditugun hausnartzea da gure helburua”.

Urkixoren helburu pertsonala, aitzitik, hitzaldia entzutera doazenei “hausnarketa pertsonala” egitera bultzatzea da. "Gainera, interesgarria izango da hiltegi eredu bakarra ez dagoela ikustea”, baserritarraren arabera.

“Lurralde handia hartzen duten hiltegiak daude, eta orain arte hemen ezagutu ditugunak izan dira, baina beste batzuk ere badaude. Iparraldean bertan legedi beraren beste interpretazio bat egiten da, ekoizleentzat askoz ere malguagoa dena”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide