Aiaraldean galdera ikurrak argitu dira jadanik Espainiako Kongresuko hauteskundeei dagokienez, eta aurreikusitakoa bete da, gutxi gorabehera.
Gobernua osatzeko ardura zuten alderdiek abstentzioaren zigorra jaso dute. Nagusiki, EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Podemosen eta Ciudadanosen artean banatu da hori.
Espainiar eskuinaren kontrako frontea sortzeko ezintasunaren sumina bereziki islatu da PSE-EEn eta Elkarrekin Podemosen. Izan ere, sozialistek 457 boto galdu dituzte (%11,13), eta Pablo Iglesiasen alderdiak 534 (%13,3).
Alderdi sozialistak bere emaitzak egonkortu ditu, 2016an beherakada eta aurten apirilean gorakada izan ostean.
Elkarrekin Podemosek, ordea, gainbeheran jarraitzen du, eta ez da Más País-en eragina izan, 37 boto besterik ez baitu eskuratu Txema Urkijok Bizkaian lideratutako zerrendak. Gogoratu beharra dago 2016an talde morea izan zela hautagaitza bozkatuena eta geroztik indarra galtzen joan dela.
Hegemonia jeltzalea
357 boto gutxiago izanda ere, EAJren nagusitasunak ez du arrakalarik izan Aiaraldean eta indar bozkatuena da oraindik, 8.487 boza guztira.
Bere atzetik doa EH Bildu 5.428 botorekin. Independentistek 172 boza gehiago erakarri dituzte, eta ematen du zigor botoa bereganatzeko gai izan direla. Antza, ezkerraren adostasun faltarekin etsituak izan diren batzuek aukeratu dute koalizio abertzalea.
Eskuin espainiarra
Abstentzioak ez dio eragin eskuin espainiar erradikalizatuenari. Berez, PPk 103 boto irabazi ditu eta VOXek 41.
Hitzordu honetan, beste batzuetan ez bezala, eurek asmatu dute Kataluniako egoera baliatzen, baita gobernua osatzeko gaitasun falta ere.
Edonola ere, bien artean ez dute Ciudadanosek galdutako kopuru bera berreskuratu. Izan ere, Albert Riveraren taldeak 302 boza gutxiago izan ditu. Hau da, bere boto emaileen erdiak baino gehiagok, ziurrenik, ez du parte hartu hauteskundeetan.