518,3 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du Arabako Foru Aldundiak 2020rako. Nabarmendu dutenez, azken urteetako aurrekonturik altuena izango da. 103 milioi euro baliatuko dituzte guztira inbertsioetara.
Toki finantziazioa %2,76 haziko dela iragarri du Aldundiak, guztira 275,6 milioi euro gorde baitituzte Arabako Kuadrillentzat, udalentzat eta kontzejuentzat.
Inbertsio horietako batzuk Aiaraldean egitea aurreikusi dute. 7,68 milioi euro bideratuko dituzte datorren urtean jada abian dauden Saratxoko saihesbideko obrak egikaritzera (guztira 18,6 milioi baliatuko dituzte).
Inbertsio horietako batzuk Aiaraldean egitea aurreikusi dute. 200.000 euro bideratuko dituzte Laudioko suhiltzaileen parkea eta Ertzaintzaren komisaria berritzera. 2021ean 2 milioi euro inbertitzeko asmoa dute eta 1,97 milioi, aldiz, 2023an.
Lamuza parkeko eraberritze obretara 5 milioi euro baino gehiago bideratu nahi dituzte hiru urtetan: 2,23 milioi 2020an, 2,62 milioi 2021ean eta 0,72 milioi 2022an. Kultura etxeko obren lehen eta bigarren faseetan zentratuko da diru hori.
Obra eta Zerbitzuen Foru Plana
Obra eta Zerbitzuen Foru Planera, aldiz, 16,5 milioi euro bideratu nahi dituzte datozen hiru urtetan. 2023an, aldiz, 16,77 milioi, Arabako Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera betiere.
Foru plan horretako lan batzuk eskualdean egingo dira, horretarako eskariak egin baitituzten udalek.
Aurkeztu dutena aurrekontu proiektua da, ez da behin betikoa. Baina arazo gabe onartuko dela aurreikusi daiteke, EAJ eta PSE-EEk osatutako gobernuak gehiengo absolutua duelako Batzar Nagusietan.