Euskararen normalizazioa Aiaraldean

Udal ordezkari politikoak, euskararekin hartutako konpromisoak betetzeko prest

Txabi Alvarado Bañares 2019ko aza. 25a, 08:00

Maiatzaren 16an egin zuten talde politikoei aitortza publikoa egiteko agerraldia, Saraube mahaian. / Aiaraldea.eus

Sukalde lanean murgilduta igaro ditu azken hilabeteak Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, maiatzean eginiko “Ez we can’t” kanpainaren fruituekin. Bilera-marko egonkorrak eratu nahi dituzte ordezkari politikoekin, hartutako konpromisoak  nola egikaritu aztertzeko.

Datorren abenduaren 1ean Orozkon egingo den Euskararen Eguna izango da Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kideek aurten egingo duen ekitaldi publiko indartsuena. Baina horrek ez du esan nahi orain arte geldi egon direnik. Sukalde-lanean aritu direla esan daiteke. Udaberrian plazaratu zuten kuzinatutako lehen platera: “Ez we can't” kanpaina. Udal hauteskundeen testuinguruan aurkeztu zuten, eskualdeko hautagaiei euskararekiko konpromisoak eskatzeko.

25 talde politiko
Arrakasta nabarmena izan zuen egitasmoak, 25 talde politiko animatu baitziren euskararen aldeko konpromisoak hartzera. Maiatzaren 16an ekitaldia egin zuten Saraube mahaian, lortutako atxikimenduak balioan jartzeko.

Baina ordutik hona lanean jarraitu dute, politikariek hartutako konpromisoak errealitate bihurtzea helburu. “Lan-taldeak abiatu ditugu herri guztietan,  konpromisoak hartu zituzten alderdi guztiekin”, azaldu dute Kontseiluko kideek, “lehen bilerak egin ditugu jada, udalerri bakoitzeko egoera erreala zein den jakin eta, horrela, lehentasunak ezarri ahal izateko”. Toki bakoitzeko errealitatearen arabera zehaztuko dute bileren maiztasuna, baina hiruhilekoa izatea aurreikusi dute. Helburua, honakoa: “Legeak babesten dituen hizkuntza eskubideak ahal bezain beste bermatzea”.

 

Lan-taldeak eratu dituzte ordezkari politikoekin, hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoak errealitate bihurtzeko

 

Jakinarazi dutenez, hori izango da Euskalgintza Kontseiluaren lehentasuna legealdi honetarako. “Hurrengo hiru urteak igaroko ditugu lan honetan murgilduta, baina tartean ere izango ditugu bestelako egitasmoak: datorren urtean Euskaraldia egongo da berriz”. Plan estrategikoa ere lantzen ari dira: “Hainbat ildo barnebilduko ditu plan horrek, lan-talde batzuk martxan jarri dira jada: hezkuntza edota gazteriarena kasu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide