Heroina bada iruditegi kolektiboan sendo mantendu den arazoa. Xiringen, kontsumitzaileen eta bortizkeriaren aztarna ez da ahaztu guztiz. Hala ere, zer da horri buruz historia ofizialak esaten diguna? Ezer gutxi. Gatazka, tragedia eta trauma iturri izan arren, alfonbra azpian geratu da dena, min eta dolu pribatuaren eremu ikusezinean itxita.
Berez, datu ofizialak eskuratzea lan nekeza eta antzua da. Laudioko unitate psikiatrikoan zein Gizakia Fundazioan -“Proyecto Hombre” sustatu zuena- galdetuta, erantzuna bera da: “ez daukagu heroina menpekotasuna sufritu zuten lagunen informaziorik” edo “denbora asko igaro da eta ez dugu gorde daturik”.Gauzak horrela, amatatzear dagoen sugar baten moduan, ahozko kontakizuna besterik ez da geratzen, gertutik ikusi eta sufritu zuten lagunen lekukotzekin osatua, alegia. Hobe esanda, hitz egin nahi dutenen testingantzekin eratua, heroinak orbain sendaezinak utzi baitzituen hainbat familia eta kuadrillen artean. Eurek askatu dute eskualdeko korapiloa, droga opiazeo horri dagokionez, opioaren menpekotasuna gainditzeko komertzializatzen hasi zena XIX. mendean.
Adinagatik eta adiskideengatik, Juan Jose Arto “Pelukas” laudioarrak gertutik bizi izan zuen fenomeno osoa: “Garai horretan kalean bizi ginen, eta guztiok elkar ezagutzen genuen. Ez zen gaur bezala, norberak bere txamizoa daukala eta bere kuadrilla”.
Heroinaren agerpena
Artok 1976an kokatzen du kronologikoki heroinaren agerpena: “Franco hil bezain laster. Garai horretan rock, blues eta hard rock izar guztiek kontsumitzen zituzten drogak. Janis Joplin, Lou Reed, Jimmy Hendrix... denak zeuden drogen munduan sartuta. Hemen ez zegoen horrelakorik, eta drogak heldu zirenean, askatasunari lotu zituen jendeak. Ausartenak eta aktiboenak sartu ziren burubelarri heroinan. Gainera, kontsumoa berehala zabaldu zen”.
Ordea, droga guztiak -LSD, haxisa...- ez ziren berdinak, eta heroinaren kontsumoaren ondorioak berehala hasi ziren sumatzen. Pelukasek ondo gogoratzen du: “jendearen azala zuri geratzen zen, argaltzen ziren, etengabe menpekotasun sindromea zuten, dirua eskatzen zuten, lapurtzen zuten, getoak sortzen hasi ziren euren artean, eta lehen aktiboak zirenak, botata zeuden egun osoan. Heroina 'txutea' behar zuten goizez altxatzeko”.
Bilakaera horrek hondamendia eragin zuen harremanetan: “lehenengo uneetan eurekin egon nintzen eta saiatu nintzen laguntzen, baina gero argi ikusi nuen urrundu behar nintzela. Ni Laudioko Skuatean nenbilen, okupazioan, musika taldeekin, kultura alternatiboan, politikan... eta nire mundua eta eurena ez ziren bateragarriak. Egia esanda, heroina kontsumitzen hasi baino lehen, jende oso jatorra zen, baina drogak eraldatu egin zituen, baita gure arteko elkarbizitza ere”.
Urte gutxiren buruan, substantzia kimikoak lurrikara eragin zuen eskualdeko giroan, bereziki, bi esparrutan; osasunean eta segurtasunean.
Laudioko unitate psikiatrikoan zein Gizakia Fundazioan ez dute heroinari buruzko datu ofizialik
Osasun publikoa kolokan
Pili Elortegi eta Iñaki Moreno laudioarrak 1980ko hamarkadan hasi ziren herriko anbulatorioan lanean. Berez, Moreno larrialdietan zegoen eta biziki oroitzen du garaiko etengabeko borroka: “Laudion 50 yonki baino gehiago zeuden. Urduñan gutxiago ziren, baina proportzioan nik uste okerragoa zela arazoa bertan. Egunero 15 bat inguru etortzen ziren lasaigarrien, errezeten edo morfinaren bila, abstinentzia sindromeari aurre egiteko edo trafikatzeko. Batzuetan gaueko ordu txikitan agertzen ziren 4 edo 5 elkarrekin eta egoera oso ezatsegina zen. 2 edo 3 erizain geunden eta ezetz esaten genienean, kolpeka edo mehatxuka hasten ziren, kontsultako koadroak apurtzen zituzten...”.
Morenok oroitu duenez, egunero jazo zen hori 1983tik 1988ra bitartean: “Gero lasaitzen joan zen. Kontsumitzaile asko hil ziren HIESA, B hepatitisa, gaindosien edo suizidioen ondorioz. Beste batzuek kartzelan bukatu zuten eta egon ziren ere gainditzea lortu zutenak. Orain kalean gurutzatzen naiz eurekin. Nire ustez, Laudion 15 lagun inguru hil eta beste horrenbeste desagertu ziren”.
Bixintxo Azkarraga urduñarrak antzeko datuak ematen ditu hiriari buruz: “Urte horietatik gaur arte hamabost pertsona hil dira Urduñan heroinarekin harremana izateagatik, 4.000 biztanleko hiri batean. Ehuneko bera erabilita, horrek esan nahi du Euskal Herrian, 3.000.000 biztanlerekin, 11.250 pertsona hil direla. Tragediaren tamaina hori da”.
Iñaki Moreno erizainaren esanetan, “Laudion 50 yonki baino gehiago zeuden. Urduñan gutxiago ziren, baina proportzioan nik uste okerragoa zela arazoa bertan”
Osasun esparrutik atera gabe, Pili Elortegik gogoratzen du, gainera, oso urriak zirela prebentzio neurriak erizainen artean: “ez genuen eskularrurik odola ateratzeko, heroinazaleekin lan egin behar genuenean soilik ematen zizkiguten. HIESA agertu zenean inork ez zekien zer zen ezta nola tratatu zitekeen ere, eta erretrobiralak oso garestiak ziren. B hepatitisaren eragina ere lazgarria izan zen”.
Xiringak parkean
Ikuspegi orokorrari Juan Jose Artok gehitu dio 1980ko hamarkadan Laudiok "herri post-apokaliptiko baten antza" zuela uholdeen ondorioz: “Hori aski nabarmena zen Lamuza parkean. Han elkartzen ziren heroina kontsumitzaileak eta inor ez zen ausartzen handik igarotzera”.
Pili Elortegik azpimarratu du parkea xiringaz beterik zegoela bolada horretan: “odola zuten eta umeekin joaten ginenean adi egon behar ginen ez ziztatzeko, nahiz eta udalak etengabe garbitzen zuen”.
Bortizkeria nonahi
Heriotza eta gaixotasuna ez ezik, heroinak bortizkeria tonak ere ekarri zituen. Droga ez zen merkea, eta menpekotasuna zutenek egunero lortu behar zuten dirua sindromea asetzeko. Horrek lapurtzera behartu zituen eta biolentzia gizarte osora zabaldu zen. Batzuek etxean osten zuten indarkeria edo gezurrak baliatuta, eta familiek izugarri sufritu zuten, baina kalean ere ematen ziren lapurreta ugari.
“Laudion egunero 4 edo 5 dendetan lapurtzen zuten. Azkenean, dendariek patruilak osatu zituzten eta gauez ateratzen ziren yonkien bila. Ekimenak ez zuen luze iraun, baina merkatariak oso erreta zeuden”, argitu du Iñaki Morenok. Bortizkeriak, hortaz, bi bide egiten zituen: lapurrena pertsonen eta ondasunen aurka, baina baita jabeena lapurren kontra ere.
Lekukoen arabera, guztira 30 pertsona inguru hil ziren Laudion eta Urduñan heroinaren eraginez
Pelukasek gogora ekarri du biolentzia pasarte bat, behin betiko apurtu zuena okupazioaren aldekoen eta heroina kontsumitzaileen arteko harremana: “1984an, nire ileapaindegi zaharrean, alegia, denetarik nuen. Fanzineak sortzeko tresnak edota musika ekipoa, eta guztiok erabiltzen genituen. Zehazki, musika ekipoan grabatzen genituen zintak. Atzerrira bidaiatzen zuen jendeak diskoak ekartzen zituen ileapaindegira eta han partekatzen genituen. Gau batean, ordea, ekipoa lapurtu ziguten. Yonki batzuen bila joan ginen, sakatu genituen eta aitortu ziguten nortzuk izan ziren lapurrak. Hurrengo egunean parkera jo genuen, borroka egon zen eta jipoia eman genien. Argi utzi genuen guk ere -punkiok, okupazioan ibiltzen ginenok- ez genuela heroinarekin zerikusirik izan nahi. Hori apurketa publikoa izan zen”.
ETAren atentatua Luiaondon
Bortizkeria sozialak ez ezik, bortizkeria politikoak ere bere lekua hartu zuen Aiaraldean. Izan ere, ETA erakunde armatuak heroinaren aurkako kanpainak egin zituen Euskal Herri osoan. 1980ra arte, taldeak lehergailuak jarri zituen droga mota hori saltzen zuten lokal eta diskoteketan. Ondoren, ustez trafikanteak zirenen aurkako erasoak ere egin zituen.
Gauzak horrela, 1985eko abuztuaren 3an ETAk bonba utzi zuen Luiaondoko El Peñón pubean. Antza, lokalari egotzi zion heroinaren salmentan parte hartzea. Ertzaintzak deia jaso arren, Guardia Zibila gerturatu zen lehergailua erretiratzera eta Fernando Amor artifizieroaren aurrean zartatu zen, bete-betean jota. Handik gutxira hil zen polizia, Gurutzetako ospitalean.
Droga saltzaileak ere jomugan jarri zituen ETAk eta horren itzala Aiaraldean proiektatu zen. Amurrion, adibidez, pertsona baten aurkako margoketak egin zituzten. Laudion, ordea, familia bateko hainbat kidek herria utzi zuten Interviu aldizkariak heroinaren negozioari buruzko erreportajea argitaratu eta gero. Testuak saltzaileak izatea leporatu zien eta, erakunde armatuak zerbait egin baino lehen, desagertu ziren.
1985eko abuztuaren 3an ETAk bonba utzi zuen Luiaondoko El Peñón pubean. Antza, lokalari egotzi zion heroinaren salmentan parte hartzea. Ertzaintzak deia jaso arren, Guardia Zibila gerturatu zen lehergailua erretiratzeko eta Fernando Amor artifizieroaren aurrean zartatu zen. Handik gutxira hil zen Gurutzetako ospitalean
Gizarte antolatua
1970eko eta 1980ko hamarkadako gizartea ez zen, inondik inora, egungoa. Ez bakarrik teknologia berrien edo azpiegiturengatik. Ezberdintasun ugariren artean, politika zegoen eta bortitza zen. “Manifestazioa zegoen bakoitzean, 4 edo 5 zauritu artatzen genituen larrialdietan. Orain ezinezkoa dirudi”, azaltzen du Iñaki Morenok.
Antolatzeko ohitura oso errotua zegoen arazoei aurre egiteko, erakunde publikoekin harremana ez baitzen hain sakona, eta heroina ez zen salbuespena izan. Droga horrek sortutako sarraski soziala ikusita, zenbait herritan elkartu ziren aiaraldearrak fenomenoa lantzeko.
Bixintxo Azkarragak gogoratu du “Drogo mendekotasunik gabeko Urduña” plataforma sortu zutela: “Guretzat arazoa ez zen heroina soilik, baita alkohola, ludopatia… Arazo pertsonalak, psikologikoak edo psikikoak zituen jendea lagundu behar genuen. Adibidez, heroina kontsumitzen zuten zenbait lagunen amek parte hartzen zuten elkartean”.
Laudioko Skuatean etxean eginiko lehergailua jarri zuten heroina menpekotasuna zuten pertsona batzuen lokalean
Edonola ere, Ezker Abertzalea izan zen talderik aktiboena droga horren kontra. Nazio askapenerako mugimenduak poliziaren konplizitatea salatu zuen narkotrafikoan, jende gaztea suntsitu eta desmobilizatzeko. Herritar asko iritzi berekoak ziren eta ez zuten ulertzen droga saltzaileen inpunitatea. “Garai horretan gazteria oso aktiboa zen politikoki Euskal Herrian eta bere aurka jotzeko modua izan zitekeen heroina. Gainera, Guardia Zibila inplikatuta egon da ere beste leku batzuetan drogen salmentan, Galizian kokainaren kasuan, adibidez. Nik ez dakit ziur narkotrafikoan zerikusirik izan zuen. Agian poliziaren inplikaziorik gabe berdin zabalduko zen kontsumoa, baina argi zegoen menpekotasuna erabiltzen zutela informazioa lortzeko. 'Papelina' baten truke informazio pilo lortzen zuten yonkiak zirenen aldetik” adierazi du Juan Jose Artok.
Pili Elortegi: “Guardia Zibilaren kuartelaren alboan heroina saltzen zen, institutuaren parean. Sekulako jende ilara zegoen itxaroten erosteko”
Bestalde, Pili Elortegik Askagintzan parte hartu zuen: “Talde horretan, gehienbat, prebentzioa lantzen genuen, kirol ez lehiakorra ere sustatzen genuen... Hala eta guztiz ere, zigorgabetasun handia zuen heroina saltzen zuenak. Leku guztietan. Gogoratzen dut larunbatero 16:00etan Laudiora etortzen zela Renault 5 markako auto zuria. Guardia Zibilaren kuartelaren alboan heroina saltzen zuen, institutuaren parean. Sekulako jende ilara zegoen itxaroten erosteko. Fontso Isasirekin batera joan nintzen behin baino gehiagotan horrela gazteak hiltzen zituztela oihuka salatzera. Bistakoa zen saltzen ari zirela eta inork ez zuen ezer ezer egiten. Guardia Zibilak ez zuen ezer egiten, guztiz alderantziz. Eta ez bakarrik Guardia Zibilak”.
Bixintxo Azkarraga Jarrai gazte erakundean aritzen zen 1980ko hamarkadako lehenengo urteetan eta heroinaren trafikoaren aurkako kanpainak antolatu zituzten Urduñan: “pankartak, kartelak, manifestazioak... Izen abizenekin salatu genuen saltzen zegoen jendea. Hori egin ondoren trapitxeatzen zuten batzuk Jarraiko gazteak jazartzen aritu ziren, mehatxu modura. Neska bat etxera laguntzen genuen, droga saltzaile batek esan baitzion menpekotasuna zuen batek zerbait egingo ziola”.
Heroinaren kontrako ekimen guztiek ez zuten izan ikusgarritasun publikorik. Laudioko Skuatean, esaterako, heroina menpekotasuna zuten pertsonek okupatu zuten lokalean etxean egindako lehergailua jarri zieten. Ekintza gauzatu zutenen asmoa zen droga hori kontsumitzeko getorik ez egotea eraikin okupatuan.
Fenomenoaren gainbehera
Elkarrizketatu guztiak ados daude puntu batean; 80ko hamarkadaren azken urteetan kontsumitzaile ugari hil zirela eta heroinaren izurriteak jarraitu bazuen ere, beste modu batean izan zela.
“1990eko hamarkadan jende gehienak bazekien zer ekartzen zuen heroinak, eta beste droga mota batzuk sartu ziren, anfetamina, esaterako”, nabarmendu du Juan Jose Artok.Bidean eta bazterrean geratutako bizitzak eta bortizkeria guztiek tabua eraiki zuten heroinaren inguruan urte luzez. Hainbat urtetan bere kontsumoa oso txikia izan da, baina azken boladan gorakada txiki bat sumatu dute guztiek. Pili Elortegik ziurtatzen du osasun esparruan nabaritu dutela heroina itzuli egin dela bi urtetik hona, merkea delako.
Pelukasek ere antzeko iritzia dauka: “Orain bestelako droga sintetikoak daude eta jendeak sekulako gorakadak ditu asteburuetan. Batzuek lurra hartzeko heroina erretzen dute”.