Ostegun honetarako -azaroak 28- deitua dagoen ikasle greban parte hartzeko deia luzatu dute Aiaraldeko Ikasle Garraxia asanbladako kideek. Urrian egin zen grebarako deialdia, Euskal Herriko hainbat txokotako ikasleen eskutik:
Dinamika ugari ikastetxeetan
“Hezkuntzak berebiziko garrantzia du sistemaren birprodukziorako. Txikitatik barneratzen dizkigute balio kapitalista eta heteropatriarkalak”, azaldu dute Aiaraldeko ikasleek prentsa oharrean. Horren aurrean, hainbat dinamika burutu dituzte azken hilabeteetan eskualdeko ikastetxeetan. Zenbaitetan, "komun komunak" aldarrikatu dituzte (Zaraobe Institutuan adibidez), beste batzuetan, "ebaluazio sistema" jarri dute ezbaian (Laudio Ikastolan eta Zaraobe Institutuan, adibidez) eta "kameren aurkako borroka" ere izan dute hizpide.
Baina, nabarmendu dutenez, honakoa izan da garrantzitsuena: borroka horiek guztiak batera egin dituztela. “Euskal Herri luze eta zabaleko errealitateak abiatuta sistema honek inposatzen dizkigun zapalkuntzei aurre egin diegu eta ikasleon borrokaz eta antolakuntzaz argi utzi dugu bestelako hezkuntza eredu bat eraiki daitekeela”, ziurtatu dute.
Horretarako deitu dute greba: “Azken urteetan itzalean egondako ikasleriaren argia piztu eta eraldaketaren alde sortu den olatu sozialera batzeko. Mobilizazio eta aldarrikapenen garaia heldu da, borrokarako unea heldu da eta ezinbestekoa da ikasleok batuta eta aktibatuta egotea”.
Mobilizazioetara joateko autobusak
Gasteizen egingo diren mobilizazioetara joateko autobusa antolatu dute eskualdetik. 10:45ean aterako da Laudioko Institutu aurretik eta 11:00etan Amurrioko elizako errotondatik pasako da.