Aiaraldea komunikabideak urrats berria eman du: aldizkari liburuxka sortu du kirola lantzeko. Helburua euskarari eta komunitateari tresna berriak eskaintzea da. "3.000 lagunek baino gehiagok egiten dute jarduera fisikoa Aiaraldean. Uste baino haur, gazte, heldu eta edadetu gehiagok praktikatzen dute kirola", dio Izar Mendiguren Cosgaya arduradunak.
Horregatik, kirol komunitatea euskaraz saretzea jarri zuten helburu: "Eskualdean 30 kiroletik gora praktikatzen dira, eta 150 talde baino gehiago daude. Guzti horiei egin diegu lekua argitalpenean, edo saiatu gara behintzat". Hala, kirolaren ikuspegia handitu nahi izan dute, aiaraldearren esperientzia eta ezagutzen bidez, "artikulu, elkarrizketa eta erreportajeetan inguruko kirolarien jakintzak eta lorpenak bildu ditugu". Kirol osasuna, teknologia, euskara, bidaia edo espedizioak... orotariko edukiak barne hartu dituzte. Iñaki Isasiri elkarrizketa, Ione Basterra eta Maialen Solaunekin jositako "Aniztasun funtzionala kirolean" erreportajea, Tasio Martinen Himalaiako esperientzia, Eneko Atxak munduari bira belan eman zionekoa... "Lehen zatian gai eta formatu anitzetako kazeta lanak topatuko ditu irakurleak, eta bigarrenean eskualdeko kirol taldeen fitxak, talde argazkiekin". Hain zuzen, kirolariei eman nahi izan diete protagonismoa.
200 orriko aldizkaria
Mamitsua izateaz gain, ordainduzkoa izango da, 3€ balioko baititu aleak. "Kalitatezko produktua egiteko apustua egin dugu, erronka eta gastu handia izan da". Eskualdeko herri guztietan egongo da eskura, ondorengo saltokietan:
Aurkezpen sozialaren bira
Horrez gain, kirol urtekariari lotuta, zenbait ekintza antolatuko ditu komunikabideak. Ostiraleko aurkezpenarekin abiatuko dute dinamika, eta ondoren, eskualdeko hainbat herritara hedatuko da proiektua.
Artziniegan, esaterako, "Aiaraldeko kirol tribiala" aurkeztuko dute. Laudion, berriz, Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere dokumentala proiektatuko dute ekimenean parte hartu zuten gazteekin, "eskolei bideratutako emanaldia izango da". Luiaondon, adiz, "Euskaraz entrenatzen" tailerra egingo dute, baina izena ematea beharrezkoa izango da, kirolak@aiaraldea.com helbidera mezua bidalita.
Azken ekintza Aiaraldea Ekintzen Faktorian izango da abenduaren 26an, 19:00etan. "Genero berdintasuna kirolean" solasaldian ariko dira Maria Barbero motor gidari urduñarra (bideokonferentziaz), Gentzane Alday pilotari orozkoarra, Ione Basterra txirrindularitza egokituko kirolaria eta Olga Artiñano sokatiralaria.
Egitasmoaren nondik norakoak jarraitzeko webgune berezia egokitu du komunikabideak. Bertan pilatuko dira aurkezpen birako ekitaldi guztiak, besteak beste.