[IRITZIA] Kirola ez da neutrala, eta nazismoa ez da errespetatu daitekeen ideologia

Aitor Aspuru Saez 2019ko abe. 19a, 15:48

Zozulyaren aurkako pegatina.

Rayo Vallecano-Albacete partida bertan behera uzteak bistan utzi du kirola ere balioen eta politikaren joko zein guda zelaia dela. Balio atzerakoiak naturalizatu diren esparru horretan, Aiaraldeak paradigma eraldatzailearen alde egiten du.

Igandean Rayo Vallecano-Albacete norgehiagoka eten zen "Bukaneros" jarraitzaile taldeak "nazi" deitu ziolako Roman Zozulya jokalariari. Epaileak "arrazismoaren eta bortizkeriaren kontrako" araudia baliatu zuen partida bertan behera uzteko, eta hiru ildoren inguruan hausnartzeko balio du pasadizoak, kirolak eta politikak transmititzen dituzten balioei dagokionez.

Hasteko, gertakariaren balorazio arina: Roman Zozulya nazia da? Berak esaten du ezetz, baina eskuin muturreko talde paramilitarrak babestu ditu -bere irudiarekin eta diruarekin- Donbasseko independentisten aurka. Talde horiek neonaziak dira eta II. Mundu Gerran nazionalsozialistekin elkarlanean aritu ziren ukraniarrak dituzte erreferente.

Hortaz, gehiegi esatea da Albaceteko futbol jokalariak ideia eta praktika neonaziak sustatzen dituela? Inondik inora, behintzat,  hitzei eta ekintzei erreparatzen badiegu. Norbaiti nazi izateko exijitzen badiogu Hitlerren bigotea eramatea, Hitler kenduta, ez da inoiz egongo nazionalsozialistarik munduan.

Zentzu horretan, nazismoak Europako txoko gehienetan eragindako sarraskiak (Holokausto judutarra ez ezik, homosexualen, ezkertiarren eta ijitoen aurkako erailketa jendetsuak ere gauzatu zituen) aintzat hartuta, argi dago nazia izatea ez dela errespetatu daitekeen aukera politikoa. Nazien presentzia ez litzateke naturalizatu behar, ez politikan, ezta kirolean ere. Ideologia genozida da, eta horren aurrean ez dago neutraltasunerako tarterik: alde edo kontra egon zaitezke soilik.

Ondorioz, arrazismoa edo bortizkeria da nazi bati nazia dela gogoraraztea? Arrazismoa ez dela argi dago, bortitza den edo ez eztabaidatu daiteke, baina edozein zalantzatik kanpo geratu dena da Espainiako kirol erakundeek ez dutela inoiz esku hartu arrazismoaren kontra, ezta genero indarkeriaren aurka ere.

 

"Thaylor Lubanzadio jokalari laudioarrak sekulako zigorra jaso zuen epaile bati aurpegiratzeagatik bere aurkako irain arrazistak onartzen ari zela ezer egin gabe"



Izan ere, horren hamaika adibide daude: Dani Alves, Samuel Etoo edo Iñaki Williamsen aurkako irain arrazistak entzun dira hainbat aldiz, baina inoiz ez da partidarik eten. Are gehiago, Thaylor Lubanzadio jokalari laudioarrak sekulako zigorra jaso zuen epaile bati aurpegiratzeagatik bere aurkako irain arrazistak onartzen ari zela ezer egin gabe.

Indarkeriari buruzko araudia aipatuta, ez dago soberan gogoratzea Betiseko jarraitzaileek Ruben Castro taldeko aurrelariaren aldeko leloak oihukatu zituztela bere bikotekide ohiak salatu zuenean, tratu txarrak eta mehatxuak leporatuta. Zehazki, Betiseko zaleek hurrengoa abestu zuten: "ale Ruben ale, ez zen zure errua izan, puta bat zen, ondo egin zenuen". Horrek balio izan zuen partida gelditzeko? Ez.

Ezin da ahaztu ere, zenbait albistegik egin duten kanpaina azken astean Arandinako jokalarien alde. 38 urteko kartzela zigorra ezarri diete hirurei 15 urteko neska bat bortxatzeagatik, eta kirol espazio askok bozgorailu lana egin diete, pentsaezina dena beste esparru batean. Kirolean, ordea, dena dago baimenduta. Horrek ekarri du ehunka lagunek kontzentrazioa egitea euren alde.

Askoz ospetsuagoa da Gerard Piquéren kasua. Maiz bere ideia politikoei lotutako irainak entzun behar izan ditu jokalari kataluniarrak; "Piqué cabrón, España es tu nación", esaterako. Halaber, RCD Espanyoleko jarraitzaileek bera iraindu ez ezik, bere emaztearen eta semeen aurkako lelo larriak zabaldu dituzte. Beste behin ere, kasu horietan normaltasuna izan zen nagusi.

Baina zein normaltasun? Eskuin mutur espainiar nazionalistarena, alegia, hori baita Espainiako Liga Profesionalean dagoen ideologia hegemonikoa, eta adibideak anitzak dira: Jesus Gilen populismo abangoardista, arrazista, ustela eta txiroen aurkakoa; Javier Tebas Espainiar Ligako presidentearen iraganeko militantzia Fuerza Nueva eskuin muturreko taldean, edota Jose Maria del Nido Sevilla klubeko presidente ohi espetxeratuaren erasoak eta jipoiak Fuerzan Nuevan ere aritzen zenean.

Beste adibide batzuk zailagoak dira ikusteko. Esaterako, Florentino Perezek Real Madrid taldeko marra moreak kendu, eta urdinak bilakatu zituen, ia inor ohartu gabe. Zergatik? Kolore more hori II. Errepublikako garaikoa zen -Espainiako ikurrean agertzen zena-, Madrilgo talde "ezkertiarra eta herrikoia" Real Madrid baitzen garai horretan, eta eskuinari lotutakoa, ordea, Atlético Aviación (egun Atlético Madrid dena). Francorekin aldatu zen ikuspegi hori, eta Perezek ezabatu du iragan errepublikarzalearen edozein aztarna.

 

"Kapitalismoaren apologia hutsari ideologia atzerakoia gehitu behar zaio. Eta Euskal Herriko taldeak ez dira salbuespena"



Adibide horiei  hainbat gehitu diezaiekegu: Jose Luis Cerezo Atletico Madriden ustelkeria zigorrak edo iruzkin matxistak, eskuin muturreko erailketak futbolean (Aitor Zabaleta, besteak beste) eta kirol erakundeen malgutasuna horien aurrean.

Kirola neutrala ez dela ikusteko adierazgarri gehiegi daude. Egitura eta ideologia hegemonikoak guztiz higuingarriak dira kirol profesionalean, futbolean bereziki. Kapitalismoaren apologia hutsari ideologia atzerakoia gehitu behar zaio. Eta Euskal Herriko taldeak ez dira salbuespena. San Mamesen jokatuko ditu Espainiar Selekzioak Eurokopako partidak, Athletic Clubaren laguntzari esker, hori baita mundu horretan "normalena". Athletic Clubak berak onartu zuen Petronorreko publizitatea Muskizeko herritarrek cokea ekoizteko planta nahi ez zutela salatzen zuten bitartean. Jokin Aperribai armagintza enpresariak eta Real Sociedadeko presidenteak sekulako negozioak egiten ditu herrialde zapaltzaile eta terroristekin (Turkia, kasu) eta Eibarrek ez zuen ezer egin Sergi Enrich eta Antonio Luna jokalarien aurka hauek eduki sexuala zuen bideo bat zabaldu zutenean, eurekin harremanak zituen neskaren baimenik gabe.

Gauzak horrela, askok uste dezakete kirola ustelduta dagoela. Aiaraldeko Kirol Urtekarian ikus daitekeenez, posible da jarduera fisikoa bestela ulertzea. Horregatik ekin genion kirol urtekaria egiteari. Izan ere, kirola da eskualdean jende gehien batzen eta egituratzen duen jarduera. Jendeak gogoz, borondatez eta gustura egiten duena. Ez diruagatik edota negozioa izateagatik. Oinarrizko talde gehien-gehienek ez dituzte mundu profesionalean bogan dauden balioak jorratzen, kontrakoak baizik: adiskidetasuna, elkarlana, berdintasuna, errespetua... eta oraindik ere lan handia egiteke badago ere euskararen alde edo bestelako balioekin, zutabeak jarrita daude eta sendoak dira.


Aiaraldean ez dugu disimulatzen gure lana zenbait balioei lotuta dagoela: aniztasuna, feminismoa... eta ez dugu ezkutatzeko beharrik, urtekarian eta egunero sumatu daitekeen moduan. Gure helburua da paradigma horiek naturalak bilakatzea, gaur egun kirol profesionalak egiten duenaren kontra, hain zuzen. Egungo kirol hegemonikoak neutraltasunez janzten du nazkagarria dena, normala bilakatu duelako. Baina apustu-etxeak, arrazismoa, mespretxua, nazien zuriketa eta abar ez dira bat-bateko kontuak izan, prozesu luze baten emaitza baizik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide