Laster Olentzerok kaleak eta gure bizitzak hartuko ditu, eta poztasunez hartuko dugu bisita. Hala ere, Kokoriko Hezkuntza Faktoriak gogoeta egin nahi du Olentzeroren generoari buruz. Izan ere, betidanik izan da ikazkina gizonezko zakar eta gogorra?
Zalantza horiek argitzeko asmoz, Oier Araolaza dantzan.eus-eko kidearekin mintzatu da Kokoriko eta ikerlariak ohiko jakintzatik harago doan hainbat informazio partekatu du. Antza, Olentzero ez da beti izan gizonezkoa, eta Araolazak hori argitu du: “Olentzero, berez, errito bati lotutako pertsonaia da. Udako solstizioa -hau da, urteko egunik luzeena- San Joan bidez ospatzen dugun moduan, neguko solstizioa Eguberrian zen”.
Jatorria
Berez, egun horren ospakizunak gizarte nekazarian ditu erroak. “Pentsatu behar dugu antzinako gizartean eguzkiak ezinbesteko garrantzia zuela, argiak eta beroak baldintzatzen baitu uzta eta ingurumena. Eguberriaren aurreko hilabeteetan natura, nolabait, hiltzen da; zuhaitzek hostoak galtzen dituzte, egunek gutxiago irauten dute... Eta neguko solstizioan joera hori aldatzen da apurka-apurka” azaldu du adituak.
Trantsizio hori -neguko urritasunetik udaberriko bezperara, hau da, heriotzatik berpizkundera- ospatzeko eta sustatzeko sua zen gakoa, Araolazaren arabera: “San Joanen sua kalera ateratzen zen eta Eguberrian etxean sartu. Abenduaren 25eko bezperan mendira joaten zen jendea, zuhaitza hautatu eta enborra su baxuan pizten zuen. Egurrak bi egun iraun behar zuen, bi aro horien artean zubi lana egiteko”.
Olentzeroren agerpena
Oier Araolazak ikertutakoa oinarritzat hartuta, Euskal Herrian XX. mendearen hasieran dokumentatuta dago enbor hori Olentzero zela: “Jendeak burua eta aurpegia jartzen zion. Gainera, “Arimen gauarekin” lotu daiteke ere; mutur batean su ematen zioten eta bestean, kalabaza bat baliatuta -begiak eta ahoa egiten zizkioten- burua eta aurpegia eransten zizkioten”.
Ohitura ez da soilik euskalduna. Esaterako, Katalunian Tió Nadal dute, eta enbor hori jota (aurpegia ere badu, eta askotan “barretina”) lortzen dituzte umeek opariak.
Euskal lurraldera itzulita, toki batzuetan, aurpegiaz gain, zuhaitz zatia janzten dute. Dena den, jantzi horiek, maiz, ez zuten generorik, Araolazaren ustez: “panpina ez zen gizonezkoa ez emakumezkoa. Oso oinarrizko formak zituzten eta, ondorioz, ez zuten genero finkorik”.
Are gehiago: Leitzan, adibidez, Olentzerok itxura aldatzen zuen urterik urte: “Aizkolaria, dantzaria, sorgina, etxeko andrea, emakume dotorea, ehiztaria... Urtero aldatzen zuten askatasun osoz”.
SOS Olentzero
XX. mendearen erdialdean Olentzeroren ohitura arnasa galtzen ari zen eta Iruñean desfilea antolatzeari ekin zioten 1957an.
Erreferente bilakatu zen ospakizuna eta iruindarrek, aldi berean, Lesakako Olentzerori erreparatu zioten. “Lesakako Olentzero ikazkina eta gizonezkoa da. Eredu hori Euskal Herri osora zabaldu da gerora, Ikastolen mugimenduari esker eta 1980eko eta 1990eko hamarkadetan nagusitu zen, Errege Magoen gainetik” aipatu du Oier Araolazak.
Arrakasta horrek euskal tradizioak erdigunean jarri baditu ere, zenbait alde anbibalente ere ekarri ditu. Izan ere, irudian eta ikuskizunean oinarritutako gizarte kapitalista eta kontsumista honetan irabazteak baditu arriskuak, eta horiek Olentzeroren izaerari berari eragiten diote.
Uniformizazioa
Esan bezala, poztekoa da Olentzerok aurre egitea eta bestelako Gabonetako pertsonaien gainetik gailentzea (izan Papa Noel edo Errege Magoak). Hala ere, hori lortzeko uniformizaziora jo izan dela uste du Araolazak: “Olentzeroren eredu nagusia ikazkinarena da; gizon maskulinoa, alegia. Bidean geratu dira bestelako ereduak; emakumezkoa adibidez”.
Mari Domingi
Izan ere, ikerlaria kritikoa da Mari Domingiren bilakarearekin: “Alde batetik, Maridomingi ikazkinaren laguntzailea da. Kasu batzuetan Olentzeroren bikotea izango balitz bezala erakusten dute, edo emaztea. Hor argi eta garbi sumatzen dira generoen estereotipoak eta euren arteko ezberdintasuna eta hierarkizazioa.
Gainera, heteronormatibitatean kokatzen da; gizona eta emakumea. Badaude genero eta identitate gehiago. Finean, Olentzerok hasieran ez zuen genero markarik eta orain maskulinitatera lotzen dugu”.
Olentzero beldurgarria
Araolazak kritikatzen duen beste alde bat da Olentzero “pelutxezko mitoa” bilakatu dela bere ezaugarri bortitz eta izugarriak kenduta. Izan ere, antzina, Olentzero umeak Eguberrian beldurtzeko erabiltzen zen. Badirudi haurrei esaten zitzaiela Olentzerok esna harrapatuz gero, igitaia erabilita, burua moztuko ziela.
Horrez gain, kondaira haur txikien kontsumorako geratu dela ere salatzen du ikerlariak: “Lehen ume koxkorrek eta nerabeek ere sutsuki ospatzen zuten Olentzero. Kalera ateratzen ziren abestera eta eskatzera, alegia. Gaur egun Disneyren eta komertzializazioaren menpe geratu da”.
Ohiturak aldatzea
Ohitura ez da totem ukiezina. Berez, tradizioa tabu eraldaezin moduan kontserbatzen bada, zama eta zapalketa bilakatzen da. Horregatik, gizarteek historia osoan aldatu dituzte ohiturak eta usadioak, aro bakoitzaren arimara moldatzeko.
Egun, Olentzero pertsonaia osasuntsua da eta guztiok pozten gara (agian, Errege Magoak eta Aita Noel kenduta), bere arrakastagatik. Hala ere, euskara ez ezik, bestelako balioak ere txertatu ditzakegu bere jardueran, aniztasuna, besteak beste. Horretarako, gainera, ez da beharrezkoa ezer asmatzea edo kanpotik kopiatzea, Euskal Herrian bertan baditugulako adibideak.