Omniak AP-68 autobidearen doakotasuna eskatu du Aiaraldeko biztanleentzako, bai Bilboko eta bai Gasteizeko norabidean. Alderdiak ohar batean azaldu bezala, errepidearen titulartasuna Arabako eta Bizkaiko foru-aldundietara aldatuko denez, momentu aproposa izango litzateke eztabaida berriro irekitzeko.
Bestalde, errepidearen prezioak kritikatu ditu Omniak, “gehiegizkoak” direla argudiatuta. Prezioaren ondorioz alboko errepideak kotxez beteta daudela adierazi du taldeak, “horrek dakarren istripu arriskuarekin”. “Errepide arrunt bat eguneko ordu jakin batzuetan saturatuta dago eta, horren truke, gutxiegi erabiltzen den autobide bat”, erantsi dute. Gainera, diputazioaren jokaerarekiko kezka erakutsi dute, “prentsan agertutako informazioen arabera, gutxienez 2026ra arte ordainpekoa izaten jarraituko du”.
Era berean, Gasteizera joateko “ordaintzen duen Arabako eremu bakarra” Aiaraldea dela azpimarratu dute oharrean. Harira, “Bizkaiko hainbat osasun-zentrotara” joan behar izatekotan ordaintzea beharrezkoa dela ere gogoratu dute.