Egoera ez zen samurra Aiaraldean hamarkada hasieran. Krisi ekonomikoak gogor kolpatu zuen eskualdea. 2007tik 2013ra %146,65 igo zen langabezia, %17an kokatzeraino (EAEko ehuneko altuenetako bat). Sortzen zen lan apurra, gainera, oso prekarioa zen, kontratu gehienak egun gutxi batzuetarako baitziren. Horri gehitu behar zaio Espainiako Gobernuak 2012an onartutako lan erreforma. Kaleratzeak erraztu eta merketu egiten zituen lege horrek, besteak beste.
Gauzak hala, hamarkada hasieran hainbat gatazka piztu ziren hainbat lantegietan: Aplican, Artiachen, Construcciones Pagolarren, Ramon de Urquijon, Tubos Reunidosen, Gometeguin, Urduñako bainuetxean... Guardianeko langileen borroka, esaterako, oso nabarmena izan zen. Hainbat egun eman zituzten greban, zuzendaritzak ehundik gora langile kaleratu nahi zituelako. Lan-hitzarmena sinatzea lortu zuten azkenean.
2011n, 2012an eta 2013an eginiko greba orokorrek jarraipen zabala izan zuten eskualdean
Tomas Achako langileek gauzatutako protesta ere luze bezain gogorra izan zen. 2012an abiatu zuten greba mugagabea, hiru hilabete soldatarik jaso gabe eman ostean. Zuzendaritzak kaleratzeekin erantzun zuen, eta horrek asko zakartu zuen giroa. Guardia Zibilak ELAko 4 kide atxilotu zituen enpresaren jabeen salaketaren ondorioz. Handik hiru urtera izan zen epaiketa: sindikalistek urtebeteko kartzela zigorra jaso zuten, baina ez ziren kartzelara sartu behar izan.
Borroka giroa eta krisi ekonomikoaren ondorioekiko sumindura ez zen fabriketan geratu. Kalera ere egin zuen salto, hainbat modutan. Stop Etxegabetxeak Aiara taldea ere sortu zen, urte horietan puri-purian zegoen problematikari irtenbidea emateko. Eragileak, baina, ez zuen ibilbide oso emankorra izan, hainbat faktore medio.
Bestalde, hiru urte eskasetan hiru greba orokor egon ziren Hego Euskal Herrian, gehiengo sindikalak deituta. Hiru kasuetan jarraipen zabala izan zuten lanuzteek Aiaraldean. Azken grebak (2013ko maiatzaren 30koak), gainera, indar handiko irudi sinbolikoa utzi zuen herritar askoren memorian: Ertzaintza Herriko plazara sartu zen gazte bat atxilotzeko asmoz, baina bertan zeuden herritarrek polizia kanporatu zuten.
Borroka gehiago
Hala ere, 2013ko greba orokorrera arte hauspotutako borroka giroa airea galtzen joan zen hurrengo urteetan. Etengabeko mobilizazio garaitik nolabaiteko “bake sozialera” egin zen salto hamarkadaren bigarren zatian, salbuespenak salbuespen.
2015ko martxoan dozenaka gazte sartu ziren ordurako jada hutsik zegoen Lipmesa fabrikara. Ekimen sinbolikoa egitea izan zen asmoa, eskualdeko egoera sozieokonomikoa salatzeko. Hortik jaio zen "Aiaraldean lan, bizi eta ikasi" dinamika. Hainbat ekimen egin zituzten hurrengo hilabeteetan, baina gerora ez zuen jarraipenik izan.
Azken bost urteetan beste hainbat lantokitan piztu dira gatazkak: Bizkaiko Dia supermerkatuetan, Artiachen, Jez-en, Gometeguin, Valvospain-Ituarten, Sunrise Medicalen, Tubos Reunidosen edota Bañueta kiroldegian, besteak beste. Mobilizazio gehienek helburu hauek izan dituzte: lan-hitzarmenean hobekuntzak jasotzea edota zuzendaritzak hartutako erabakiei (langile batzuen kaleratzea, enpresaren zati baten itxiera...) erantzun kolektiboa ematea.
Fabriken itxiera
Lipmesa 2013an, Norten eta Kider 2014an, Vicalde 2015ean... fabrika ugariren itxiera ekarri du hamarkadak. Baina ez da kontu berria. Lantegien itxiera 1990eko hamarkadatik tantaka gertatu den fenomenoa da, garai horretan abiatutako industria birmoldaketaren ajeetatik eratorritakoa. Dena dela, eskualdeko enpresa handiek (Tubacex, Tubos Reunidos eta Aiala Vidrio, adibidez) hazkuntza prozesu batean murgildu dira. Lantegiak erosi dituzte beste herrialde batzuetan, eta irabazi garrantzitsuak izan dituzte, salbuespenak salbuespen.
Fabrika ugari itxi dira azken urteetan: Lipmesa 2013an, Nortean eta Kider 2014an eta Vicalde 2015ean, besteak beste
Lan heriotzak
Eskualdean hainbat aldiz jazo da prekarietatearen ondorio lazgarriena: lan heriotza. Azken hamaika urteetan 20 pertsona hil dira eskualdean lanean ari zirela. Azken bi lan heriotzak aurtengo udan izan dira, Tubacexen. Hori dela eta, mobilizazio jendetsuak egin dituzte fabrikako lan baldintzak salatzeko.
Amiantoak ere heriotza ugari eragin ditu azken urteetan eta, tamalez, hurrengo urteetan ere albiste izaten jarraituko duela aurreikusi daiteke. Gai horri heltzeko elkartea sortu da eskualdean: Asviamie Aiaraldea.
Horrez gain, aipatzekoa da baita eskualdeko pentsionisten burututako mobilizazioak. Astelehen eguerditan biltzen dira Amurrio, Urduñan, Artziniegan eta Laudion, pentsio duinak aldarrikatzeko. Beste hainbat ekimen eta mobilizazio jendetsu ere antolatu dituzte azken urteetan.
Morea da gorri berria
Kolore anitzekoak izan dira eskualdeko paisaia txuri beltzean aurrera eraman diren borrokak. Baina aurten kolore morea izan da nagusitu dena.
Hori argi ikusi daiteke Artiacheko kaleratuen eta Berriak supermerkatuetako langileen kasuetan. Bi borrokek gauza bat izan dute komunean: emakume langileak izan dituzte protagonista. Berriakeko beharginak, gainera, iragan martxoaren 8ko greba feministan hasi ziren mobilizatzen.
Lan heriotzen aurkako protestak eta emakume langileek abiatutako borroka dinamikak izan dira nagusi azken urtean. Urtarrilaren 30erako greba orokorra deitu du Eskubide Sozialen Kartak
Hauteskunde sindikalak deitu zituzten handik gutxira, eta iragan astean lortu zuten aurreakordioa zuzendaritzarekin, lanuzte kanpaina jarraitua gauzatu eta greba mugagabea mahai gainean jarri eta gero.
Hori da, hain zuzen, langile klaseari azkenaldian falta zaion gauzetako bat: garaipenak (txikiak badira ere) lortzea. Horri begira, hamarkada berriarekin batera etorriko da indarrak neurtzeko hurrengo zita: Eskubide Sozialen Kartak (gehiengo sindikala eta beste hainbat eragile batzen dituen plataforma) Greba Orokorra deitu du datorren urtarrilaren 30rako. Historia ez da amaitu.