[HAMAR URTEKO ANALISIA] Gerra Zibilari buruzko interesaren loraldia ekarri du azken hamarkadak

Aitor Aspuru Saez 2020ko urt. 1a, 08:00
Urduñako hilerrian eginiko indusketetan hainbat pertsonen hezurrak topatu zituzten. / Aiaraldea.eus

Urte luzez ezkutuan egon ostean, Gerra Zibilaren ondorioak azaleratu dituzte hainbat herri ekimenek. Eskualdeko udalerri gehienetan guda zelaiak, errepresioa jasan zutenak eta Frankismoaren bortizkeriak hildakoak gogoratu eta ikertu dituzte. Indusketa arrakastasuak burutu eta zenbait liburu argitaratu dira, besteak beste, azken 10 urteotan.

Frankismoak, gerra barne hartuta, 40 urte luze iraun zituen eta bere itzala oraindik sumatzen da nonahi; urruti jo gabe, gogoratu beharra dago Santiago Abascalen aitona Amurrioko alkate frankista izan zela. Diktadura nabarmen luzatu bazen, sortutako beldurrak eta tabuak ez dira agortu, baina behintzat azken hamarkadan herri ekimenak sortu dira gerran gertatutakoa ikertzeko, gizarteratzeko eta biktimak aitortzeko.

Arlo horretan aitzindaria izan zen Urduña, han egondako kontzentrazio eremu lazgarri eta beldurgarriari buruzko liburua idatzi baitzuen Joseba Egigurenek. Guztira, 50.000 preso egon ziren kartzela horretan. Biolentzia, humiliazioa eta gosea izan ziren bertan nagusi eta, ondorioz, hildako ugari egon ziren. Bertatik igarotako gatibuak omendu zituen udalak 2012an. Gainera, handik bizirik ateratako batzuk bertaratu ziren ekitaldira.

Edonola ere, errepresaliatuen aldeko lana ez zen bertan geratu eta 2014an Aranzadi elkarteak indusketak gauzatu zituen hiriko hilerrian. Lagin txikia egin arren, 14 gorpu topatu zituzten. Susmoa da guztira 200 egon daitezkeela bertan. Urduñako inguruetatik atera gabe, oihartzun handia izan dute San Pedro mendian egiten ari diren indusketak, bertan gertatutako bataila odoltsu eta bortitzak ahanzturatik ateratzeko. Indusketekin batera, bisitak ere antolatu dituzte mendira, han jazotakoa azaltzeko.

Horrez gain, hiru talde oso aktibo egon dira urte hauetan: Laudio Memoria, Aztarna elkarteko zenbait kide eta Txomin Egiluz eta Markel Iturrizar ikertzaileak Arrankudiaga-Zollon.

Laudioarrek urte arantzatsuak landu dituzte. Izan ere, ez da ahaztu behar Amalur Fundazioak egindako herriko historia liburuetan apropos alboratu zituztela gerra eta frankismoa. 2012an alde batean utzitako faxismoaren biktimak berreskuratzeari ekin zion Laudio Memoriak. Mozioa aurkeztu zuten udalean, errepresaliatuen izen eta abizenak jasotzen dituen plaka jarri zuten Herriko plazan eta laster liburua plazaratuko dute Juan Ibarrolari buruz. Hori guztia gutxi balitz, jardunaldiak antolatu dituzte eta gerrari lotutako eraikinak bilatu dituzte: odol ospitalea, hegazkinen aireportua...

 

Urduña izan zen aintzindaria gaiari heltzerako orduan. Ondoren, beste hainbat herrietan egin dituzte ekimenak



Herri txiki, orbain handi
Txomin Egiluzek eta Markel Iturrizarek osatzen duten bikoteak hainbat ikerketa egin du Arrankudiaga-Zollo eta inguruko herriei dagokienez. Condor Legioaren bonbardaketei, errefuxiatuei, errepresaliatuei edota borrokan hildakoei buruzko informazio andana batu eta gizarteratu dute erakusketak eta hitzaldiak baliatuta. Zenbait ikerketek Arrankudiaga-Zollon eta Arakaldon zendutakoak omentzeko balio izan dute, monolito edo plaken bitartez. Horrez gain, lubakiak berreskuratzera ere bideratu dute euren lana.

Esparru horretan, lubakietan, hain zuzen, Laudioko Udalak Ermu Andra Mariko defentsa sistema zaharberritu du eta Aztarna Elkarteak ere lan handia egin du. Esaterako, Baranbioko trintxeren garbiketan parte hartu du. Hala ere, ziurrenik elkartearen ekarpen garrantzitsuena Nerbioigoienako gerraren historiari buruzko liburua argitaratzea izan da. Horrela, testu berean jaso ditu guduaren nondik norako orokorrak eskualdean, egile ezberdinen laguntzari esker.

Hiru talde nagusi horiek kenduta ere, memoria historikoa sustatzeko ekimenak ez dira falta izan Aiaraldeko txoko gehiagotan. Adibidez, Orozkon eta Artziniegan monolitoa eta plaka jarri dituzte. Berez, herri bizkaitarrean Frankismoak eragindako 21 hildako zenbatu dituzte eta 80 errepresaliatu baino gehiago. Artziniegan, ordea, omendu egin zituzten estatu kolpeak militarki kargutik kendu zituen udal osoko bilkurako kideak.

Bestalde, Memoria Historikoaren Legea betetzeko ahaleginak ere egon dira. Laudion, Amurrion, Urduñan edota Artziniegan sinbologia frankistako plakak erretiratu dituzte. Bestalde, azken udalerri horretan mozioa onartu zuten berriki Jesus Romeo ministro falangistari udalerriko ohorezko herritar titulua kentzeko.

Bistan denez, zenbait muga apurtu dira azken hamarkadan errepresio faxistaren benetako neurria agerian uzteko, eta ikusteke dago hurrengo urteotan joera horretan sakonduko duten eskualdean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide