Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan jazotako gertakari garrantzitsuenek eragin nabarmena izan dute Aiaraldeko erakundeetan zein gizartean. Hasteko, 2010ean, Euskadi Ta Askatasuna talde armatuak erasoak egiteari utziko ziola iragarri zuen. Hilabete batzuk geroago, 2011ko urtarrilean, urrats gehiago eman zituen bide horretan eta, azkenik, urrian, jakinarazi zuen jarduera armatua behin betiko utziko zuela.
2011n bertan Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu alderdia legeztatzea ukatu bazuen ere -azkenean Konstituzionalak legalizatu zuen 2012an-, Ezker Abertzaleari lotutako egitura politikoak poliki-poliki itzuli ziren bizitza publikora, ilegalizazioen aroa apurka-apurka gailenduta.
Gauzak horrela, Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta beste alderdi txikiagoek osatu zuten Bildu koalizioa -2012an batu zen Aralar, eta EH Bildu izendatu zuten batura-. Indar politikoen metaketak 2011ko udal hauteskundeetan izan zuen bere lehenengo proba eta nota oso ona lortu zuen, gainera, aukera bozkatuena izan baitzen Aiaraldean.
Zenbait urtez udaletatik kanpo egon ostean, ezker independentistak Laudioko, Arrankudiaga-Zolloko, Urduñako eta Aiarako alkatetzak lortu zituen. Hurrengo tokiko hauteskundeetan alkatetza gehienak mantendu zituen EH Bilduk -Aiara ezik- eta Arakaldo ere bereganatu zuen. Artziniegan alderdi bozkatuena izan zen.
Edonola ere, Ezker Abertzaleak hartutako bide politiko berria babesteko ez ezik, ohiko politika eredua zigortzeko baliatu zuten herritarrek 2011ko aukera. Are gehiago, hainbat alderdi txiki sortu dira Aiaraldean azken hamarkadan, maiz tokiko gatazken ondorioz. 2011n Orozkon ADIE agertu zen eta 3 aldiz jarraian eskuratu du alkatetza. Arrakasta gutxiagorekin, baina ordezkariak eskuratuta, Laudion Omnia bultzatu zuten, eta zerrenda osatu zuten Aiara Batuz-ek eta Okondo Baik. 2015eko udal hauteskundeetan alderdi berrien loraldia areagotu zen; Okondo Aurrera alkatetzara heldu zen eta Amurrio Guk Bai eta Orain Amurrio ere kokatu ziren udalbatzetan. 2019an Elkarrekin Podemosek bere zerrenda aurkeztu zuen Laudion ere.
Hala eta guztiz ere, 2019ko hauteskundeek EAJren hegemonia sendotu dute hamarkada bukatu baino lehen eta jeltzaleek Okondo, Laudio, Amurrio eta Aiarako udalak dituzte, eskualdeko indar bozkatuena izanik.
EAJren hegemoniak, dena den, gorabeherak eta arrakalak izan ditu hamarkada honetan. Aipatutakoaz gain, 2016ko Kongresuko hauteskundeetan Podemos, Ezker Batua eta Equo alderdien baturak lortu zuen boza kopuru gehien Aiaraldean, 7.309 guztira. Pablo Iglesias madrildarraren proiektuaren emaitzarik onenak izan dira eskualdean. Europako hauteskundeetan hasita 2016ra arte gorako joera izan zuen koalizio ezkertiarrak, baina gero behera egin du, nahiz eta oraindik milaka boto emaile mantendu.
Elkarrekin Podemosen fenomenoa garrantzitsua izan da Aiaraldean, dudarik gabe, baina ezin da gauza bera esan krisi ekonomikoak eta politikoak pil-pilean jarri dituen beste alderdiei buruz. Ciudadanosek boto gutxi izan ditu hauteskunde guztietan eta nahiz eta Santiago Abascalek VOX sortu, egitasmoak 600 boza inguru eskuratu ditu bere unerik onenean. Mas Paisek ere ez du arrakasta handirik izan, Txema Urkijo Bizkaiko zerrendaburua izan arren. Ematen du Aiaraldean esaera zaharra betetzen dela eta inor ez dela profeta bere mendean.
2019ko hauteskundeek EAJren hegemonia sendotu dute hamarkada bukatu baino lehen, eskualdeko indar bozkatuena izanik. Jeltzaleen hegemoniak, dena den, gorabeherak eta arrakalak izan ditu
Eskubide politikoak kolokan
XXI. mendearen hasieran Dorre Bikien aurkako atentatuaren ondorioz, askatasun zibilak murrizteko nazioarteko olatua egon zen. Estatu Espainiarrak olatu hori hartu eta Ezker Abertzalea legez kanpo uzteko legeak onartu zituen. Mundu osoan bezala, horiek eragina izan zuten zenbait oinarrizko eskubidetan; politikoetan eta adierazpen askatasunean, esaterako.
ETAren borroka armatua amaitu arren, 2012tik aurrera PPko Gobernuak maiz baliatu du legedia hori sare sozialetan aritzen ziren erabiltzaileen kontra. Berez, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren agindura, sarekada sorta egin zuten eta horietan eskualdeko 3 gazte atxilotu zituzten. Are gehiago, horietako batek, Alfredo Remirezek, urtebeteko espetxealdia bete zuen.
Julen Ibarrola gazte amurrioarrak ere urtebete eman zuen presondegian, errotulkia baliatuta terrorismoa goratzen zuen margoketa egiteagatik. Biek topo egin zuten pare bat astez Basauriko kartzelan. Errepresio kasu gehiagok jarri dute eskualdea hedabidetan. Adibidez, Laudioko bi gazte ere epaituak izan ziren Auzitegi Nazionalean, pintaketak egitea leporatuta. Hori bai, absolbituak izan ziren.
Horrez gain, ETAk bere jarduera bertan behera utzi arren, bortizkeria politikoa ez da desagertu. 2019ko hasieran ezezagun batek Ezker Abertzaleko familia baten etxearen aurka tiro egin zuen. Ertzaintza Polizia Nazional erretiratu bat ikertzen hasi zen eta bere etxea miatu zuen, baina oraindik ez da epaiketarik izan.
Gatazka armatuaren ondorioak bukatu ez direla frogatzen duen beste adibidea preso politikoena da. Egia da azken 10 urteetan gehienak kalera atera direla eta errefuxiaturen batek aukeratu duela Amurriora itzultzea Koldo Zurimendi-, baina oraindik ere Alaitz Aramendi orozkoarra Frantziako Rennes espetxean dago, bere herritik 700 kilometrora. Frantziako Estatuan zigorra bete ostean, Espainiako Estatuan beste bati egin beharko dio aurre; 535 urtekoa. 2018an berretsi zuen Auzitegi Gorenak epaia.