[HAMAR URTEKO ANALISIA] Muga eta agertoki berrien bila

Aitor Aspuru Saez 2019ko abe. 30a, 08:00

Jalgi ekimena egin zen Aiaraldean 2016an. / Aiaraldea.eus

10 urtetan konstantea gertatu da eskualdean kulturari dagokionez: herri gehienek garrantzia eman diote gaiari eta azpiegitura berriak bidean dira. 2016an jaio zen Burubio Kultur Elkartea Amurrion. Laudion, aldiz, antzokia eraikitzeari ekingo diote laster. Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren egoitzak, aldiz, datorren urtean irekiko ditu ateak.

Ezinezkoa da Aiaraldean dauden kultura sortzaile guztiak zerrendatzea. Musikan, literaturan, zineman, antzerkigintzan, dantzan... hainbat lagun aritzen dira zenbait helbururekin. Batzuk ondo pasatzea dute xede, beste batzuk traszendentziaren bila aritzen dira, baina guztiek osatzen dute mapa oparoa.

Zinema zuzendariak, argazkilariak, antzezleak, musikariak, dantzariak, idazleak, ipuin kontalariak, antzerkigileak, dokumental ekoizleak... Aiaraldean bertan zein kanpoan lanean aritu dira azken hamarkadan, eta arriskutsua da laburpena osatzea, baten bat aipatu gabe uzteko arriskua oso handia delako.

Kasu batzuetan kanpora jo behar izan dute sortzaileek arrakastaren bila (Saydi Lubanzadio eta Iñigo Martinez dantzarien, Esti Urresola zein Leire Larisgoitia zuzendarien edota Guiomar Puerta antzezlearen kasuak, bakar batzuk, aipatzearren), baina gehienek eskualdean bertan zentratu dute euren jarduera.

Badaude ere biak uztartu dituztenak. Esaterako, Kepa Sojok Artziniegan edota Baranbion grabatu zituen La pequeña Suiza eta Hileta pelikulen zenbait pasarte. Are gehiago, beste zinemagile batzuek Aiaraldea hautatu dute euren lanak prestatzeko. Koldo Serrak, adibidez, Artziniegan grabatu zituen Gernika filmaren hainbat eszena.

Jarduera gehiagoren hiriburu bilakatu da eskualdea 10 urte hauetan. Begibistan zinema jaialdia egin dute Amurrion zenbait urtetan, eta Jalgi Euskararen Plaza Ibiltariaren edizio bakarrak Aiaraldea zipriztindu zuen, puntako euskal artistak ekarrita.

Gazteek bi Gazte Danbada izan dituzte Aiaraldean, aste santua kontzertuz, hitzaldiz, tailerrez eta ekitaldiz beteta; Urduñan eta Laudion, hain zuzen ere. Edonola ere, kultura esparrua zerbaitek baldintzatu badu mende hasiera honetan sorkuntzak erakusteko lekuen aldeko borroka izan da. Zinemaren gainbeherak eskualdeko aretoak itxi zituen eta horrek aukera berriak bilatzera eraman ditu erakundeak zein elkarteak. XXI. mendearen hasieran hasieran (2005ean) ireki ziren Amurrio Antzokia eta Donibane Aretoa (2009an), baina 2010etik aurrera lehorte ikaragarria gertatu da. Adibidez, krisialdiak proiektu faraonikoa bota zuen atzera Laudion, eta aurreko legealdian onartutako eraikinaren lehen adreilua ez da jarri, antzokiaren proiektuak aurrera egin badu ere, beste kokaleku batean.

Amurrion bestelakoa jazo da: La Kuadra hustarazi egin zuten lehenbizi, gero eraisteko. Baina hutsunea baliatu zuen Burubio elkarteak bere espazioa aldarrikatzeko. Euskal Herriko musikari onenak, ziurrenik, handik igaro dira. Berri Txarrak taldeak berak hautatu zuen tokia agur biran kontzertua eskaintzeko.

Hala ere, joera ez da berdina izan herri guztietan. Kulturak toki berrietan jarri du habia: Alondegian Urduñan eta Arrankudiagako Oxinbururen proiektuan ere. Diziplina anitzeko eraikina prestatu nahi dute azken honetan, eta esleipena abiatzear dago.

Artziniegan Mendieta Kultura egitasmoa aurkeztu zuten; baina, momentuz, horren ekitaldi asko agustindarren komentuan edota Etnografia Museoan egiten dira. Hori, jadanik, albiste ona da: 2019an museoaren etorkizuna zalantzan egon baitzen eta. Berez, langilerik gabe geratu zen museoa tarte batez, diru-laguntza gabezien ondorioz.

Zorionez, Artziniegakoak ez du Laudioko Gastronomia Museoaren bidea jarraitu, 2013an desagertu baitzen; eta egun ez dago argi zein izango den erakinaren erabilera. Azken urteotan udalak iragarri zuen liburutegia bertan kokatuko zuela, baina iritzia aldatu eta beste leku batean egongo da.

Aiaraldea Ekintzen Faktoria
Datorren urtean irekiko ditu ateak Faktoriak. Lanak gauzatzen ari dira barruan, baina azken urte eta erdian jarduera jendetsuak prestatu dituzte pabilioian: Azoka soziala, Kot-en azoka eta, nola ez, Arrastiak Faktorian egitasmoa, bertsolaritza, musikak eta zinema emanaldiekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide