[HAMAR URTEKO ANALISIA] Azken hamarkadako gazteak, krisialdian jaioak eta haziak

Aitor Aspuru Saez 2019ko abe. 31a, 07:00
Ilustrazioa: Aimar Gutierrez Bidarte

XXI. mendeko bigarren hamarkadak bere sinadura utzi du hainbat gazteren orainaldian eta etorkizunean; krisialdia, prekarietatea, teknologia berriak… izan dira urte horiek utzitako ezaugarri batzuk.

Millenialak, Z belaunaldia… horrelako hitzak erabiltzen dituzte maiz helduek egungo gazteei buruz hitz egiteko. Askotan deskribapen horiek irain kutsua daukate; barbaro berrien edo ganorabakoen sinonimoen kiratsa.

Egia da, egungo gazteak sare sozialekin eta nonahi dauden pantailekin hezi direla. Reggaetoia eta trapa entzuten dute, baina XXI. mendeko nerabeak, aurrekoak bezala, euren gizartearen isla dira.

Helduek, ulertzen ez dituzten elementu osagarrietan erreparatu baino, bestelako errealitateak aintzat hartu beharko lituzkete.

Izan ere, duela urte gutxi jende gehienak uste zuen hurrengo belaunaldiak egoera hobean egongo zirela, baina krisiak zalantzan jarri du hori. Esaterako, 2018an EAEko 20 eta 24 urte bitartekoen %58k uste zuen gurasoen etxetik joateko aukerarik ez zuela izango, eta 2013an %61,1era heldu zen kopurua.

Gure eskualdean pentsamendu horiek ulertzeko aintzat hartu beharra dago enpresa garrantzitsuak itxi direla: Lip, Vicalde, Norten... Eta jarduera mantendu dutenetan baldintzak ez dira onenak hasi berrientzat. Horren adibide lazgarrienak Murgan eta Tubacexen jazotako lan heriotzak izan dira. Uda honetan Laudioko gazte bat zendu zen tutuak ekoizten dituen lantegian, eta  2010ean Ugaoko beste bat izan zen.

Horrez gain, gazte askok kanpora jo behar izan dute. Esaterako, 2014an Aiaraldetik 1.463 lagun joan ziren eta horietako 438 EAEtik kanpo. Atzerrian lan egitea hain arrunta bilakatu da, ezen Aiaraldea Hemen aldizkariaren kontrazala gai horretan zentratzen baita.

Erronka berri eta ezezagun gehiago agertu dira ere Z belaunaldiko gazteentzat. Arriskutsuenetakoa izan da jokoa. Urte gutxitan bi apustu etxe ireki dituzte Aiaraldean, baina horren itzala askoz zabalagoa da; Internet, iragarkiak... Sortzen diren arazoak lantzeko, udal zerbitzu askok garrantzia eman diote ludopatiari, batzuetan drogei baino gehiago, alegia.

Gazte desmobilizatuagoak?
Aiaraldeak ez du inoiz hainbeste gaztetxe izan azken hamarkadan baino; Orozkon, Amurrion, Urduñan, Arrankudiagan eta Laudion, hain zuzen, Orbeko Etxea ahaztu gabe.

Horrez gain, feminismoak emakume gazte ugari erakarri du herri mugimendura eta Martxoaren 8an egindako greba eta mobilizazioetan oso agerikoa izan da hori. Hala ere, kaleak ez dira jadanik gazteenak. Horretan eurek ere sakondu dute eta lonjen txokoen zabalpenak ematen du horren neurria; 2016an 120 lonja baino gehiago zeuden Aiaraldean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide