[HAMAR URTEKO ANALISIA] Aiaraldea, kirol eta proba askoren joko zelai

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko urt. 5a, 12:00

Kirol proba arrakastatsuak ugarituz joan dira azken urteetan eskualdean. / Aiaraldea.eus

10 urtetan nabarmen hazi da eskualdeko kirol eskaintza. Jarduera berriak hedatu dira, traila eta padela kasu. Tokiko lasterketek indar handia hartu dute, baina nazioartean ere utzi dute arrastoa aiaraldearrek. Nola lorpenek hala probek, ez dute etenik.

Jakingo al zenuke zenbat kirol praktikatzeko aukera dagoen Aiaraldean? Azken hamarkadan garrantzia eta presentzia handia hartu du kirolak bailaran. Horren adierazle dira eskualdean dauden kirol elkarte andana, ehundik gora baitira.  Azpiegituretan ere areagotu dira zenbait modalitate: padel pistak eta Pitch & Putt zelaiak sortu dira, besteak beste.

Denborak ez du urteen zenbakia bakarrik aldatu: kirol berriak errotu dira eskualdean, traila eta crossfita kasu. Hala, geroz eta herritar gehiago ari dira ongizatea bilatzeko prestakuntza fisikoa jasotzen.

Eskaintza anitza
Gustu guztietarako kirolak barne hartzen ditu Aiaraldeak. Orotara, 30 jardueratik gora praktika daitezke: parapentea, espeleologia, traila, mendia, negu kirolak, borroka kirolak (judoa, karatea, mugendoa, kick boxinga), bola-jokoa, igeriketa, triatloia, belar eta areto hockeya, areto futbola, eskubaloia, eskupilota eta pala, tenisa, padela, frontenisa, gimnasia erritmikoa, irristaketa, hipika, ehiza eta arrantza, arku-tiroa, errugbia, motorra, orientazioa, eskalada… Jakina, kirol ezagunek ere badute tartea, futbolak, saskibaloiak, atletismoak edo txirrindularitzak, besteak beste.

 

Kirol berriak errotu dira eskualdean, traila eta crossfita kasu. Padel pistak eta Pitch & Putt zelaiak ere sortu dira, besteak beste



Kirol proben gorakada
Edozelan ere, kirol proben gorakada jazo da azken urteetan. Nazioartean nabarmentzekoa da ziklokrosak eginiko gorakada; Laudioko proba ez ezik Urduñakoa gehitu baizaio beste herrialdeetako kideen hitzordu zerrendari. Horrez gain, lasterketa berezi andana gauzatu dituzte kirol elkarteek. Horien artean daude mendi lasterketak edota duatloiak. Mendi ibilaldiekin batera, bi jarduera horiek dira eskualdeko herri gehienetan errepikatzen direnak, bola txapelketekin batera.

Halaber, proba herrikoiak areagotu dira. Arrakasta horren adibide dira Peregaina igoera edota Arrankudiaga-Zollo, Amurrio, Areta, Arespalditza eta Okondoko trailak. Edozelan ere, ez dira horiek izan mendian jokatutako lasterketa berezi bakarrak. Izan ere, Urduñan mendi maratoia egin zuten iaz lehenbizikoz, eta Laudion urterik urte sendotu zein handitzen doa Mugagabe Traila. Hala, hainbat luzera eta zailtasuneko ibilbideak jartzen dituzte antolatzaileek partaideen eskura.

Berdintasunari keinu
Emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna jendarteratzeko ekimenek ere hartu dute indarra, ezbairik gabe. Esaterako, Amurrioko Kaskagorri eta Laudioko Altzarrate taldeek bi herriak batzen dituen martxa jendetsua ospatu dute aurten, bigarrenez. Nabarmentzekoa da ere emakumez osaturiko bi talde sortu direla; futbolean Altzarrate, eta txirrindularitzan Aiara Women in Bike. Orozkoko Olgetan elkartean diharduten pala jokalari guztiak ere neskak izanik, pentsatzekoa da datorren hamarkadan hazi egingo dela emakumeen parte hartzea kirolean.

 

Emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzeko ekimenek ere hartu dute indarra



Kirolari asko, puntan
Nazioarteko kirol probak ere izan dira azken hamarkadan eskualdean. Laudioko nazioarteko ziklokrosari Urduñako zita gehitu zaio, geroz eta gehiago baitira urriko lasterketara animatzen diren atzerritarrak. Ildo beretik, Pitch & Putt kirola praktikatzeko zelaia egokitu dute Urduñan, eta bertan jokatu da nazioen arteko kopa, besteak beste.

Ildo beretik, eskualdeko ordezkari ugari izan dira beste herrialdeetan lehiatzen: Olga Artiñanok zilarrezko domina ekarri zuen Munduko sokatira txapelketatik, Aimar Amondo Europako gazteen  kopa txapelketan aritu zen Euskal selekzioarekin Portugalen, Manolo Hidalgo 12. postuarekin itzuli zen Venezian eginiko Munduko pentatloi txapelketatik, Oihana Moya Munduko CrossFit Kopan 14. sailkatu zen, eta Nuria Larrinaga hockey jokalaria mundu mailan lehiatu zen. Funtsean, Eli eta Patri Pinedo eskubaloi jokalariak izan dira kirol profesionalean marka utzi dutenak, baina marka asko hautsi dituzte aiaraldearrek.

Bitxikeriarik ere ez da falta izan. Duela bi urte, 2017an, 24 orduko Raida antolatu zuten Aiaraldean. Orientazioa, trekkinga, txirrindula eta espeleologia baliatu behar izan zituzten ordukoan partaideek. Ez da iraupen luzeko ekimen bakarra izan, ordea. Xabier Abajo Ruiz urduñarrak 12 ordutan 7 aldiz igo zuen Txarlazo gailurra, “heroien” apustua erronkatzat hartuta. Lendoñobeitin, berriz, 12 ordutako bola-joko maratoia burutu zuten 2016an. Iaz, berriz, 24 orduz Burubiora joan-etorrian ibiltzeko gonbita luzatu zuen Amurrio Trail taldeak, eta aurten ere errepikatuko dute gertaera abenduaren 23tik 24ra.

Finean, geografia zein kirol aukerei dagokienez, zinez aberatsa da gure lurra. Horregatik, Aiaraldea hedabideak kirol komunitatea euskaraz saretzeko ahalegin berezia egin du. Hain zuzen, 200 orriko argitalpena plazaratu berri du: Aiaraldeko Kirol Urtekaria. Eskualdeko 17 tokitan egongo da salgai, urtarrilaren 11 arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide