Teknikarien kontratatzioak eta presidentearen liberazioa kritikatu dituzte oposizioko taldeek Aiarako Kuadrillaren aurrekontuetan

Aitor Aspuru Saez 2020ko urt. 2a, 09:15

Aiarako Kuadrillaren bilkura baten irudia. / Aiaraldea.eus

Pasa den ostiralean onartu ziren Aiarako Kuadrillako aurrekontuak eta 4.108.493,63 euroko gastua izatea onartu zen. Talde independenteek eta EH Bilduk ez zuten alde egin, kontratazio politikaren ondorioz. Independenteen ustez, teknikarien kopurua murriztu beharra dago. EH Bilduk, ordea, salatu du zehaztasun gutxi eman zirela presidentea liberatzeko.

Ostiralean erabaki zuen udalbatzan Aiarako Kuadrillak 4.108.493,63 euroko aurrekontua izatea. EAJk gehiengoa duenez, ez zuen arazorik izan egitasmoa onartzeko, baina oposizioak desadostasunak adierazi zituen.

Encina Castresana presidenteak prentsa ohar bitartez nabarmendu du: "garbiketa‐sarea, gazteria, gizarte‐ongizatea eta turismo‐sustapena bezalako gaietan sustatzen eta aurrera egiten jarraitzea da asmoa". Halaber, erakundeak azpimarratu du hainbat zerbitzu modu mankomunatuan eskainiko dituela.

Oposizioak, ordea, kontratazio gastuek gora egin dutela jarri dute zalantzan: 815.836,20 eurora helduko dira.  Horren arrazoia da orain arte udal txikien arkitektoen eta aparejadoreen kontratazioa.

Berez, kontratazioak merkataritza kontratuko eredua jarraitzen zuten orain arte, baina teknikariek epaitegira eraman zuten kasua eta jadanik epaileek arkitektoei arrazoia eman diete. Ondorioz, lan kontratua izango dute aurrerantzean.

Talde independenteek (Omniak, Okondo Aurrerak eta Aiara Batuzek) horren kudeaketari buruzko bestelako iritzia zuten. Iratxe Parro bozeramaileak azaldu du: "Arkitektoei epaileek aitortu dizkiete lan kontratuak. Hori bai, %53ko lanaldikoak. Gauzak horrela, Okondok eta Artziniegak teknikari bat izango dute eta Aiarak beste bat. Horren ordez, guk proposatzen genuen arkitekto eta aparejadore bakarra kontratatzea, lanaldi osoan".

Horrez gain, talde independenteek jarraitutako eredua ere kritikatu du: "EAJk aurkeztutako proposamena ez da landu batzordean talde guztion artean".

Gauzak horrela, talde independenteek aurrekontuen aurka bozkatu zuten.

Presidentearen liberazioa
Bestalde, EH Bildu abstenitu egin zen bozketan. Koalizio independentistak hiru arrazoi eman ditu horretarako.

Alde batetik, Lamia Arcas bozeramaileak adierazi du ez zitzaiela informazio nahikorik eman ganorazko ekarpenak egiteko. Horri gehitu dio zehaztasunik gabeko zirriborroa eman ziela EAJk eta, azalpen berezirik gabe, ezin zutela horren alde egin. Zehaztasun falta horren artean kokatu dute Encina Castresana presidentearen liberazioa.

Artziniegarra izango da erakundean soldata izango duen lehen arduradun politikoa eta EH Bilduk salatu du ez zitzaiela argitu zenbateko lanaldia izango zuen (azkenean, eguneko 3,5 orduko liberazioa izango du, 20.000 euroko soldata urtero eta 7.000 euroko gastua gizarte-segurantzan). Gainera, EH Bilduk ez zuen babestu protokolo gastuen igoera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide