2019an Aiaraldean gertatutakoak, 5 minututan kontatuta

Txabi Alvarado Bañares 2019ko abe. 31a, 16:27

Gertaera esanguratsu ugari jazo dira 2019an. Bideo honetan horietako batzuk bildu ditugu. 

Gertakari nabarmen ugari utzi ditu 2019ak Aiaraldean. Beste behin ere, greba feminista izan da ekimen esanguratsuenetako bat. Milaka emakume mobilizatu dira bigarren urtez jarraian eskualdeko hainbat herritan. Horrez gain, mugimendu feministak presentzia nabarmena izan du urtean zehar egin diren bestelako ekimenetan eta hainbat indarkeria matxista kasuren salaketan. 

Tokiko instituzio publikoei dagokionez, maiatzean eman zen inflexio puntua. Udal hauteskundeek eskualdeko mapa politikoa aldatu zuten. 

Politika instituzionaletik harago, urte mugitua izan da 2019a. Polizia nazional erretiratu batek ezker abertzaleko familia baten etxebizitzaren aurka egindako tiroketaren albisteak hautsak harrotu zituen urte hasieran. Ehunka lagun mobilizatu ziren gertatutakoa salatzeko. 

Otsailean, aldiz, Julen Ibarrola amurrioarra atera zen espetxetik, urtebeteko kartzela zigorra bete ostean. Egun batzuk lehenago, herri bereko bizilaguna den Galder Barbado atxilotu zuen Ertzaintzak. Abuztura arte egon zen kartzelan, eta epaiketaren zain dago orain. 

Lan munduan ere gertakari ugari jazo dira. Udan bi lan heriotza gertatu ziren Tubacexen, eta langileek zein herritarrek hainbat mobilizazio egin zituzten egoera salatzeko. Aiala Vidrion, Valvospain Ituarten, Tubos Reunidosen, Sunrise Medicalen eta Maderas de Llodion ere mobilizatu dira beharginak: lan hitzarmenaren alde borrokatzea, edota kaleratzeak eta enplegu espedienteak salatzea izan dituzte helburu.

Kolore gorria morearekin uztartu dela esan daiteke, emakumeen presentzia nabarmena izan baita aurten jasotako langile borroketan. DIA Supermerkatuetako greba, Berriakeko borroka zikloa, edo Artiacheko langile kaleratuen aldarria izan dira horren adibide. 

Beste ildo batean, Laudioko hiltegiaren behin-behineko itxierak zeresana eta kezka sortu zuen uda amaieran, tokiko ekoizleen artean batez ere. 

Euskalgintzari dagokionez, apirilean jazo zen ekimen esanguratsuena: Korrika. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak sukalde lanean murgilduta eman du urtearen gehiengoa. Ez we can't kanpaina aurkeztu zuten udal hauteskundeen bezperan, talde politikoei euskararen normalizaziorako neurri zehatzak eskatzeko. 25 taldek hartu zituzten konpromisoak. 

Kulturgintzari dagokionez, urte mugitua izan da 2019a. Artziniega Museoaren behin-behineko itxierarekin hasi zen urtea. Herritar andana batu ziren azpiegitura horren aldeko mobilizazioetara eta, azkenean, ateak ireki egin zituen berriro. Eta ez da bakarra izan. Urduña Hiria erakusketa gunea ere atondu eta ireki da aurten, auzolanean. Orozkon, aldiz, Orozkorock jaialdiaren lehen edizioa burutu zen, hainbat musika talde ezagunekin. Udazkenean, aldiz, bizilagun ugari inplikatu ziren Blas de Oteroren omenaldian. Burubio Kultur Elkartean Berri Txarrak taldeak jo zuen urte amaieran, eta Laudion ekimen ugari egin dira Lamuza Parkean, Kultur Kongresua ekimenaren barruan.

Memoria historikoaren berreskurapenaren alorrean ere hainbat motatako ekimenak egin dira eskualdean. Kirolaren esparruan, aldiz, ekitaldi eta lasterketa jendetsuek markatu dute urtea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide