“Aurtengo Aiarako Bira irabaztera joango naiz”

Julen Solaun Martinez 2020ko urt. 8a, 08:38

Gabriel Ibañez aurtengo ziklokros lasterketa batean./ Aiara Txirrindularitza Elkartea

GABRIEL IBAÑEZ (Gasteiz, 2004) Aiara Txirrindularitza Elkarteko kidea da. Pasa den asteburuan Ormaiztegiko ziklokrosa irabazi zuen kadete kategorian; Arabako txapeldun ordea ere bada modalitate horretan. Martxoan hasiko den errepide denboraldiari begira, Aiarako Bira irabaztea du helburu, Arabako eta Euskadiko txapelketekin batera.

Nolakoa izan zen Ormaiztegiko lasterketa?

Bigarren lerroan atera nintzen. Ziklokrosean irteera oso garrantzitsua da, eta ez nintzen oso ondo atera. Aurkariak gainditzen joan nintzen eta, lehenengo igoeran -bi zeuden zirkuituan-, beste txirrindulari batekin batera egin nuen ihes.

Ahul zegoela ikusi nuenean, aurreratu nuen, eta bakarrik joan nintzen helmugara arte. Ia lasterketa guztia egin nuen bakarrik.

Zu Gasteizkoa zara, baina Aiarako Txirrindularitza Elkartearekin ari zara lastertzen. Zer dela eta?

Luyando Opticosekin, bai. Nire anaia ere egon zen Luyandon, gustatu zitzaidan, eta haiekin lastertzea erabaki nuen. Gasteizko taldeak ez ditut oso gustuko, giroz aldatzearren egin nuen.

Asteburuko Espainiako txapelketa prestatzen ari zarela suposatzen dut.

Bai, baina ez naiz selekzioarekin joango. Nire anaiarekin eta familiarekin batera joango naiz.

Zein da txapelketarako duzun helburua?

Aurreneko hamarren artean egon nahi dut, printzipioz.

Luyandorekin zaude, baina ziklokrosa beste arropa batekin egiten duzu. Zer dela eta?

Nire osaba hemengo Campagnoloren zuzendaria da. Valentin zuzendariarekin, hitz egin zuen, eta Campagnolorekin ateratzen utzi zidan; baina talde barruan jarraitzen dut.

Martxoan Aiarako Birarekin hasiko duzue denboraldia. Zeintzuk dira zure helburuak?

Itzulia irabaztera joateko asmoa dut, taldearen etxeko lasterketa baita. Pasa den urtean lesionatu egin nintzen eta ezin izan nuen parte hartu, baina aurten irabaztera joango naiz.

Nolakoa izan zen zuretzat iazko errepide denboraldia?

Errepide denboraldia berandu hasi nuen, abuztu inguruan. Hasieran kostatu zitzaidan, erorikoa dela eta beldurra nuelako, berriro izorratzeko beldurra nuen.

Irailean, berriz, emaitza onak izaten hasi nintzen. Oso ondo ibili nintzen Arabako itzulian, eta Arabako selekzioak Polancoko lasterketara joateko aukeratu ninduen. Oso ondo bukatu nuen denboraldia.

Zein lesio izan zen?

Aiarako Bira baino astebete lehenago erradioa apurtu nuen eta hiru hilabete egon nintzen geldirik.

 

“Errepide denboraldia hasiera kostatu zitzaidan, erorikoa dela eta beldurra nuelako; berriro erortzeko beldur nintzen”

 

Aurten, bigarren urtekoa izanik, zein helburu duzu denboraldirako?

Lasterketa garrantzitsuak irabaztea dut helburu, Arabako edo Euskadiko txapelketak, adibidez. Euskadiko Selekzioak hautatzekotan, Espainiako txapelketarako helburuak ere izango nituzke. Ikusiko dugu.

Aiarako Biratik eta txapelketetatik aparte, zeintzuk dira ilusio gehien egiten dizuten lasterketak?

Oso gogoko ditut Kantabriako lasterketak. Taldea asko doaz hango lasterketetara. Arabako Itzulia eta Arabako hainbat lasterketa ere ditut gustuko; Gopegikoa esaterako.

Zenbat itzuli egingo dituzue?

Lehen, duela bi urte, Txuma zegoen, baina iaz ez zen egin. Aiarako Bira eta Arabako Itzulia egingo ditugu bakarrik.

Ziklokroseko denboraldia amaitzen duzunean atsedenik hartuko duzu, ala normal entrenatzen jarraituko duzu?

Nik igeriketa egiten dut ere, nahiz eta ziklokroserako pixka bat alde batera utzi dudan. Baina orain topera bueltatuko naiz. Ondo datorkit errepide denboraldia baino lehen igeriketa egitea. Aiarako Bira baino bi edo hiru aste lehenago bizikleta hartuko dut berriz, baina ordura arte igeriketa egingo dut bakarrik.

Baina igeriketako lasterketak egiten dituzu ere bai?

Lehiatzen naiz, bai.

Nola uztartzen dituzu bi denboraldiak?

Orain arte, igeriketa gehiago egin dut txirrindularitza baino, baina orain bizikleta gehiago egiten ari naiz. Egunero egiten dut igeri, baina errepide denboraldia hastean, igeriketa gutxiago eta txirrindularitza gehiago egingo dut.

Suposatzen dut igeriketa goizez egiten duzula eta txirrindularitza arratsaldez. Ez duzu bizikletan entrenatzeko orduan nekerik nabaritzen?

Ez, egia esan. Igeriketak erresistentzia asko ematen dizu eta oso ondo dator bizikletarako.

Nola moldatzen dituzu orduan entrenamenduak?

Bizikletan denbora gutxiago egiten dut. Bi edo bi ordu eta erdi egiten dut igeri egunero, eta bizikletan berrogeita hamar edo hirurogei kilometro egiten ditut bakarrik.

Eta bi lasterketak egun berean izatekotan?

Txirrindularitzako lasterketara noa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide