aiaraldea.eus

[IRITZIA] Aukeran, euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Julen Pagazaurtundua González   Iritzia  Aiaraldea

Iritsi da eguna. Jakin-minaren, zirrararen eta ezinegonaren arteko nahasketa. Haurra urduri eta gurasoak edo aitona-amonak are urduriago. Biek eskua elkarri helduta egin dituzte etxetik ikastetxeko atera arteko metroak.

[IRITZIA] Aukeran, euskaraz
Orozkoko ikasleak eskolara bidean. / Garazi Abrisketa | Ikusi handiago | Argazki originala

Dena matrikula egin osteko hilabete luzeetan pentsatu bezala ateratzeko desioan: eskolara heldu, semea, alaba edo biloba agurtu eta, egun osoa inongo negar edo ezbeharrik gabe igaro ostean, bere bila itzuli. Ez dirudi horren konplexua.

Hala ere, bertara ailegatu bezain pronto jende arrotza nonahi, ume zein heldu. Hasierako urduritasuna, modu esponentzialean, indarra irabazten doa, bat-batean, mantala soinean duen maisu zein maistra bat hurbildu eta "Kaixo, egun on. Zer moduz?" botatzen dien arte. Eskola-ibilbideari hasiera eman dion esaldia.

Bertan lagunak (eta, zenbaitetan, etsaiak) egiten hasi eta, gutxika-gutxika, elkarrekin hazi. Eskola nahiz haurren mundua inguratzen duten hesiak gainditzen hezi.

Etengabe jauzika, baina inoiz jausi gabe. Helduak-edo izatera heldu garenok ezin ditugu ahaztu gure hainbat eta hainbat maisu-maistren izenak, tarteka-marteka, neska-mutilak, astakiloak, oso aztoratuta ibiltzen direla esango duten horienak.

Eskerrik asko, haiek (gurasoak edo senideak) erdaldunak izan arren, datorren ikasturtera begira, eredu euskaldunaren alde egin eta euren seme-alabei aukera hori eskaintzeagatik.

Amets Arzallusek 2013ko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko amaierako agurrean esandakoan oinarrituta, eskerrak eman nahi dizkiet haurrak ginela eta direla euskaraz erakutsi ziguten eta,

2020-2021 ikasturtean, Laudioko ikastetxeetan hasiko diren haurrei erakutsiko dieten guztiei. Aukeran, euskaraz nahiago dugulako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa