Isabel Celaák eta URAko zuzendariak aurreratu dute Markixana eta Basaurbeko araztegiek 2023an funtzionatuko dutela

Aitor Aspuru Saez 2020ko urt. 20a, 15:33

Isabel Celaá Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministroa eta Ernesto Martinez de Cabredo URA Agentziako zuzendaria Laudioko Kasinoan egon dira Markixana eta Basaurbeko araztegien inguruko azalpenak emateko. Horrez gain, Celaák Murtziako Gobernuak proposatutako "Guraso PIN"-aren gatazka landu du, hedabideek galdetu ondoren.

Celaák bere poztasuna azaldu du Pedro Sanchezen Gobernuak aspaldi eginda egon beharko litzatekeen proiektua abiatu duelako. Berez, 1994an hasi ziren proiektua lantzen eta, geroztik, hamasei kokapen ezberdin planteatu izan dira azpiegiturak instalatzeko.

Ordezkari sozialistak argudiatu du Jose Luis Rodríguez Zapatero presidentearen garaitik zutela egitasmoa egikaritzea buruan. Are gehiago, antza, sozialistek urtero dirua gordetzen zuten lanak abiatu ahal izateko, baina lursailak eskuratu behar zirelako ez zen gauzatu.

Celaák gehitu du, behin kokapena eta desjabetzeak zehaztu eta gero, Mariano Rajoyren Gobernuak ez zuela dirurik jarri horretarako.

2023an funtzionamenduan
Ernesto Martinez de Cabredo URAko arduradun nagusiak hartu du hitza ministroaren ondoren eta ziurtatu du 2023an Markixana eta Basaurbeko araztegiak lanean hasiko direla.

Martinez de Cabredok gaineratu du kolektoreen lanak maiatzean abiatuko dituztela. Araztegien esleipena duela gutxi hasi da eta, hortaz, asmoa obrak aurten hastea bada ere, eraikuntza bera 2023an bukatuko da.

Markixanako azpiegiturak -Amurrio eta Aiarari zerbitzua emango diona- 18 milioi euroko balioa izango du eta Basaurbekoak -Orozko eta Laudioko urak tratatuko dituenak- 15 milioi euroko kostua.

%500ean igoko dira tarifak?
URA Agentziako zuzendariak gogoratu du azpiegitura berriak Espainiako Gobernuak ordainduko dituela, baina funtzionatzen duten unetik, udalerrien eskumena izango direla.

Gauzak horrela, Kantauriko Urkidetzak aspaldi egindako kalkuluen arabera, araztegien mantenua ordaintzeko tarifak bost aldiz biderkatu beharko dira, Martinez de Cabredok aipatutakoaren arabera. Izan ere, Europako araudiak behartuta, udalerriek zerbitzuen kostua jaso behar dute diru sarreren bidez.

Prezio igoera ekiditeko, URAko zuzendariaren ustez, Arabako Ur Partzuergoa sortu beharko litzateke.

Europako zigorrak
Martinez de Cabredo sozialistak Europar Batasuneko balizko zigorrak ere izan ditu hizpide. Ordezkariak argitu du 2018an erakunde europarrak jakinarazi ziola Espainiako Gobernuari ur saneamenduko araudia ez zuela betetzen hainbat lekutan. Besteak beste, Laudion eta Amurrion.

Hori dela eta, Gobernuaren 12 milioi euroko isuna arriskuan egon da. Horrek suposatuko luke, ziurrenik, Laudiok eta Amurriok milioi euro bat ordaindu beharko luketela urtero saneamendu arazoak konpondu arte.

Dena den, Isabel Celaák azaldu du Europak "txartel horia" besterik ez ziola erakutsi Espainiar Estatuari: "Proiektuek aurrera egin dutenez, ez dugu ordaindu behar izan".

Putzu septikoak etxeetan
Herritar batek galdetu dio URAko zuzendariari ea zer gertatuko den etxebizitzek dituzten putzu septikoekin: Eraitzi beharko diren eta ea diru-laguntzarik egongo den horretarako.

Martinez de Cabredok erantzun du hori Kantauriko Urkidetzak zehaztu behar duela eta etorkizunean jakinaraziko dela.

Teknologia modernoenak
URA Agentziako arduradunak esparru teknikoan ere sakondu du, eta Markixana zein Basaurbeko araztegiek 37.000 biztanleentzako zerbitzua emango dutela aipatu du. Tokiko biztanleria txikiagoa bada ere, industria jarduerako beharrak ere asetzea dute helburu.

Horrez gain, erakundeko zuzendariak azpimarratu du teknologia aurreratuena -Alemanian erabiltzen dena- baliatuko dutela eta ez dela usain txarrik eragingo.

Murcia hizpide
Isabel Celaá Ministroaren presentzia dela eta, hedabide ugari bertaratu dira ekitaldira, eta askok galdetu diote Hezkuntza arduradunari Murciako "Guraso PIN" aferari buruz.

Izan ere, Vox alderdiak bultzatuta, Murciako PPko Gobernuak aukera eman nahi die gurasoei haurrek zenbait ikasgai egin edo ez erabakitzeko.

Isabel Celaák adierazi du momentuz jakinarazpena bidali diotela Murciako erakundeari, asmoa legez kanpokoa dela jakinarazteko, hain zuzen ere.

Hori ez ezik, ministroak nabarmendu du PPren Wert hezkuntza planaren barruan dauden ikasgai horiek ez direla hautazkoak eta derrigorrez jaso behar dituztela ikasleek.

Celaáren hitzetan, gobernu sozialistak ez du baztertzen epaitegira jotzea "umeen eskubideak urratzen saiatzen ari direlako". Hala ere, ministroak erantsi du hilabete bat duela Murciako erakundeak erantzuna emateko, eta espero dutela zentzuzkoa izatea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide