Eskualdeko 4 txirrindulari arituko dira Euskadi Fundazioan

Aitor Aspuru Saez 2020ko urt. 23a, 07:40

Uxue Albizua, Jone Otaola, Zuriñe Otaola eta Gotzon Martin egon ziren asteartean Euskadi Fundazioaren txirrindularitza taldearen aurkezpenean San Mames estadioan.

Asteartean egin zuen Euskadi Fundazioak aurtengo taldearen aurkezpena. San Mames hautatu zuen horretarako eta jakin-mina eragin zuen ekitaldiak.

Mikel Landa presidentea ez ezik, Purito Rodriguez eta Igor Anton ere ikusteko aukera egon zen. Edonola ere, protagonistak taldeko txirrindulariak izan ziren.

Horien artean Aiaraldeko 4 aurpegi ezagun daude. Emakumezkoen taldean Uxue Albizua, Jone Otaola eta Zuriñe Otaola lehiatuko dira berriro.

Uxue Albizuak adierazi du aurtengo taldekide berriak ezagutzeko baliatu zuela aurkezpena eta dagoen giro ona nabarmendu du: "Uste dut aurten zerbait polita egingo dugula".

Albizuak argitu du bere helburua dela denboraldi ona egitea, erorketarik ez izatea eta podiora igotzea, nahiz eta zaila izango den. Printzipioz, Euskal Herrian lehiatuko da, baina bere xedea da Espainiako Txapelketan parte hartzea. Horretarako hautatua izan beharko da.

Gotzon Martin elitean
Gizonezkoen Elite taldean Gotzon Martin orozkoarra egongo da. Iaz ere horretan militatu zuen eta garaipena eskuratu zuen Portugalen. "Jarraitzeko motibazioa eman zidan horrek", azaldu du Martinek.

Berez, Orozkoko txirrindulariaren asmoa da hobetzea eta denboraldi ona egitea. Euskadi Fundazioaren lehenengo erronka Argentinako San Luisen izango da, eta gero Mallorca, Murcia edota Andaluziara joko dute, baita Italiara ere.

Nola ez, taldearen egutegian Euskal Itzulia da hitzordu garrantzitsua.

Argazkiak (copyright): Euskadi Fundazioa, Orbea, Markel Bazanbide

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide