2018an eginiko grebetan Tubacexek langileak legez kanpo ordezkatu zituela ebatzi du epaileak

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urt. 24a, 15:57

2018an egindako grebetako baten irudia.

LABek zehaztu duenez, epaiak “grebalarien 10 ordezkapena” onartzen ditu, “eta enpresa zigortzen du horregatik”.

Gasteizko Lan Arloko Epaitegiak ebatzi du Tubacex enpresak legez kanpo ordezkatu zituela langileak 2018ko apirilean hitzarmenaren aurka egin ziren grebetan. Hala jakinarazi du LABek: “Gasteizko 3. Lan Arloko Epaitegiak Tubacex Tubos Inoxidables eta Aceralava enpresak kondenatu ditu, langileek greba egiteko duten oinarrizko eskubidea urratzeagatik, 2018ko apirilaren 13an, 20an eta 23an egindako hitzarmeneko mobilizazio-egunetan”.

Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, apirilaren 20 eta 23eko lanuzteetan jazo ziren gertakariak. “ELAk, CCOOk eta Sindikatu Independenteak sinatutako hitzarmen aurreakordioa atzera bota ondoren, eta enpresak negoziazioarekin jarraitzeari uko egin ondoren, LAB, STAT eta USO sindikatuek hiru greba egun deitu genituen”.

Salatu dutenez, orduan ordezkatu zituen zuzendaritzak langileak ilegalki, eta gaineratu dute “beldurraren estrategia” ere baliatu zuela. “Langileen etxeetara gutunak bidali zituen, aurreakordioan hitzartutako inbertsioak eteteko mehatxua eginda”.

LABek zehaztu duenez, epaiak “grebalarien hamar ordezkapen” onartzen ditu, “eta enpresa zigortzen du horregatik”. Hala ere, sindikatuak azaldu du zaila dela “horrelako enpresa batean eskirolaje-egoera frogatzea”, eta nabarmendu du lan ikuskaritza ez zela greba egun eta txanda guztietan egon.

ELA, CCCO eta Independenteen jarrera ere salatu du LABek: “ez zuten soilik jarrera pasiboa hartu greba eskubidearen aurkako hain urraketa larriaren aurrean; aitzitik, enpresaren konplize agertu ziren. Horren froga ordezkapena burutu zuen langileetako bat sindikatu horietako baten delegatua dela da”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide