Aiaraldeko naturaren inguruko Naturayala blogak zortzi urte bete ditu

Julen Solaun Martinez 2020ko urt. 25a, 07:00
Hainbat motatako lanak argitaratu dituzte zortzi urte hauetan zehar. / Naturayala.com

Epe honetan, 400.000 bisita baino gehiago lortu ditu webguneak eta ekimenaren sustatzaileek “blogarekin aktibitatearekin jarraitzea” jarri dute helburu nagusi gisa.

Zortzi urte bete berri ditu Aiaraldeko naturaren inguruan aritu ohi den Naturayala blogak. Hainbat motatako ekintza eta artikulu bultzatuta, 400.000 bisita baino gehiago lortu dituzte urte hauetan zehar. Kideetako batek, Xabi Iturratek, adierazitakoaren arabera, “blogaren aktibitatearekin jarraitzea nahikoa da” haientzat, eta jarraitze hutsa “garaipena” dela argitu du.

Webguneko sarrerez aparte, hainbat ekintza egin ohi dituzte kideek. Adibidez, milanoei transmisoreak jarri edo saguzarren koloniak aurkitu dituzte urte hauetan zehar. Kontua da haiek era partikularrean egindako lanak aditzera emateko erabiltzen dutela webgunea, Iturratek zehaztu duenez: “Adibidez, saguzarren kontua Salbagoro elkartean gauden pertsonok egin genuen”. Hortaz, nahiz eta blogerako “gauza berezirik” ez egin, kide bakoitzaren lanetako batzuk horra igotzen dituzte.

Hala ere, haien lanak “ezagutzera emateko” baliagarria egin zaiela aitortzen du Iturratek, baina sarrerak “noraino heltzen diren edo jendearengan zer motatako eragina daukaten” ez dakitela nabarmentzen du ere.

Kideen partaidetza bakoitzaren denbora librearen araberakoa dela gaineratu du Naturayalako kideak: “Denok ez dugu era berdinean parte hartzen, batzuek sarrera gehiago egiten dituzte, beste batzuek zer edo zer idazten dute puntualki”. Beste batzuetan, ezagunei eskatzen diete blogerako sarrerak egitea. Maider Iglesias amurrioarrak, adibidez, Austrialiako suteen inguruko artikulu bat egin zuen urte hasieran, han zegoela aprobetxatuta.

Etorkizunari begira, blogarekin plan zehatzik ez dutela aitortzen du, baina orain arteko erritmoarekin jarraitzea gustatuko litzaiokeela dio kideak. Nahiz eta “sarrera gehiago egitea” eta argitaratutakoak “gehiago lantzea” gustatuko litzaiekeela ere aitortu. Baina, denbora falta dela eta, normalean ezinezkoa suertatzen zaie, aitortu dutenez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide