I. U. Y. Tubacex enpresako langileak jakinarazi du zuzendaritzak 60 egunez lan eta soldatarik gabe zigortu duela. Berez, enpresak leporatu dio 2019ko abenduaren 2tik 20ra modu desleialean jokatzea, bajan zegoen bitartean. Antza, prozesuaren hasieran kaleratzeko arriskua zegoela ere jakinarazi zion zuzendaritzak.
Langileak azaldu du pneumonia zuen bitartean bere guraso ardurei ez ziela uko egin eta horregatik zigortu dutela. Horrez gain, nabarmendu du egozten dizkioten jarduerak gaixotasunaren lehen egunak igarota egin zituela, “eta medikuaren aholkuak jarraiki”.
Beharginak testua zabaldu du adierazteko haserre eta suminduta dagoela, eta salatu du enpresak bere intimitate eskubidea urratu duela, baita bere familiarena ere. Halaber, uste du zigor horrekin langile guztiak izutzeko asmoa dagoela, absentismo batezbestekoak hobetzeko.
Mobilizazioak
Tubacex enpresako sindikatuek langilea babestu dute eta iragarri dute otsailean ostegunero kontzentrazioak egingo dituztela 13:00etan Laudioko eta Amurrioko lantegien sarreretan.
Langile batzordearen aburuz, logikarik gabeko txostena baliatu du enpresak zigorra erabakitzeko, eta behargina estigmatizatzea izan du helburu.
Zentzu berean, gaineratu dute Tubacexen helburua dela absentismo kopuruak hobetzea, eta ez egitea aurre lan istripuen arazoei, nahiz eta sindikatuek neurriak exijitu.