Kirola, aisia eta euskara jarriko ditu bide berean “Berbabentura” ekimenak. Euskarazko hitzak eta abenturak bilduko ditu AEKren ekimenak. Finean, euskaraz kirola praktikatzea izango du xede. Aaron Garmendia Sanchez da dinamizatzaileetako bat, eta kirolaren bidez ingurunea zein elkar ezagutza bilatzen dutela dio, “euskaradunak identifikatzea eta kirola zein euskara praktikatzea”. Hain zuzen, mota orotariko jarduerak proposatu dituzte 16 urtetik gorakoentzat: arroa jaitsiera, mendi zein bizikleta ibilaldiak, espeleologia...
“Berbalagunen ohitura tabernetan elkartzea da. Berbabenturan, aldiz, ez ditugu kirolari apartak bilatzen, euskara praktikatzeko gogoz dauden pertsonak baizik. Batzuei parranda gustatzen zaien bezala, beste asko kirolak batzen ditu”. Uste baino ezezagunagoa da Aiaraldea, Garmendiaren iritziz. Hargatik, orientazioarekin abiatuko dute lehen txangoa, Delikako ur jauzietan, Nerbioi ibaiaren jaiotzaren magalean. Bigarren irteera bizikletarekin egingo dute. “Hurrengoan iparrorratzik gabe ibiliko gara Gorobel mendizerratik, eta leize-zuloak bisitatuko ditugu”, erantsi du. Espeleologia eta arroa jaitsiera ere gauzatuko dute, udaberri aldean. Euskaraz aritzeko gogoa da parte hartzeko baldintza bakarra, azpimarratu dutenez. “Bide errazak izango dira, jende guztiarentzat egingarriak”, aitortu du koordinatzaileak. “Kirolak mugatuko du jarduera, baina ez mailak. Arroa jaitsieran, esaterako, rapelatzen ikasiko dugu”.
Duela bi urte bezala, etxetik gertu dauden txokoak eta pertsonak ezagutzeko parada eskainiko du, beraz, Aiaraldeko AEK-k. Ibilaldi guztiak doakoak dira, eta ez da zertan guztietara joan behar. “Egun erdiko txangoak izango dira. Oraingoan Euskal Herrian barrena ordez, eskualdean zentratuko gara, jende askorentzat oraindik ere oso ezezaguna baita”, aurreratu du antolatzaileak. Izena emateko modu ugari jarri dituzte eskura: Amurrio zein Laudioko euskaltegietan apuntatzea, Euskara Arloetara gerturatzea, aiaraldea@aek.eus helbidera idaztea, edota 607673744 zenbakira deitzea. Txangoen datak eta informazio guztia Aiaraldea Berbalagunak Facebook kontuan topa liteke, besteak beste.
“Euskara eta natura” programa
Azpimarratzekoa da “Euskara eta natura” programaren barruan, prestatutako eskaintza sorta Euskal Herrian: urtarrilaren 26an, esaterako, orientazioa egin zuten Delikan. Hurrengo txangoa otsailaren 14an izango da, eta Altubeko basoetan barrena ibiliko dira mintzalagunak.