Tubacex taldeko lan giroa okertzen doa apurka-apurka. Fenomeno horren azken atalak izan dira langile baten kontrako diziplina espedientea eta Murgako Tubos Mecánicos del Norte enpresan abiatu duten greba mugagabea.
Alde batetik, Tubacex taldeko zuzendaritzak 60 egunez lanik eta soldatarik gabe zigortu du Laudioko fabrikako behargin bat. Modu desleialean jokatzea eta bajan zegoen bitartean zenbait jarduera egitea leporatzen dio enpresak: erosketak, seme-alaben bila joatea, mendian paseatzea...
Langileak berak, ordea, bestelako iritzia du, ziurtatzen baitu medikuaren baimena izan duela uneoro eta zuzendaritza bere guraso lanak betetzeagatik zigortzen ari dela.
Gauzak horrela, ematen du epaileek erabaki beharko dutela nork duen arrazoia. Sindikatuek babestuta, beharginak iragarri du bere bertsioa defendatuko duela epaitegian. Hori bai, oraindik deitzeke dago adiskidetzeko-ekitaldia.
Edonola ere, sindikatuek bestelako bideak ere hartu dituzte. Otsailean ostegunero mobilizatzeari ekin diote Laudio eta Amurrioko lantegien sarreretan. Izan ere, Langile Batzordeko erakundeek oso larritzat jo dute zuzendaritzak beharginak bere esparru intimoan jarraitzea absentismoaren batezbestekoak jaisteko.
Batzordeak zabaldutako komunikatuan zein pasa den asteko elkarretaratzetan bistakoa zen zuzendaritzaren politikek sortutako sumina. Batetik, diziplina espediente gehiago abiatu dituelako. Bestetik, bi langile hil zirelako 2019an eta, sindikatuen ustez, ez delako neurri berezirik hartu hori berriro gerta ez dadin.
Hain zuzen, ostegunean beharginen artean aipatzen zuten duela gutxi oso istripu larria gertatzeko zorian egon zela baina, zorionez, ezer ezean geratu zela dena: “baina noiz arte iraungo du zorte onak?” galdetzen zuten.
Tubos Mecánicos Norte
Laudio eta Amurrioko lantegiak dira Tubacex taldeak eskualdean dituen bi ikur garrantzitsuenak. Ordea, azpiegitura eta langile gehiago ditu enpresak Aiaraldean. Artziniegako fabrikan aritzen direnek euren egoera salatu zuten iaz.
2020an, aldiz, Murgan kokatua dagoen Tubos Mecánicos del Norteko beharginen txanda iritsi da. Iragan astean abiatu zuten greba mugagabea lan baldintza duinak aldarrikatzeko.
Berez, pertsona gutxi daude taldeko adar horretan: 6 bulegoetan eta 8 tailerrean. Aiaraldea Hedabidea eurekin egon zen pasa den astean eta bi gauza azaldu zituzten langileek: enpresak 20 urte inguru dituela eta zuzendaritzak beti ekidin duela lan hitzarmenaren negoziazio kolektiboa. Hau da, banaka adostu ditu baldintzak kontratatutako pertsonekin.
Gauzak horrela, Tubos Mecánicos Norteko beharginek uste dute euren soldata txikia dela eta, gainera, ordu pilo lan egiten dutela. Enpresarekin akordioa lortu ez dutenez, greba mugagabera jo dute eta lantegiaren sarreran daude euren aldarrikapenak bete nahian.
Giro txarra “in crescendo”
Lan giroa okertzeak, berez, ezer esan nahi ez baldin badu ere (protestetan islatzen ez bada), bistakoa da zuzendaritza eta langileen arteko harremana gero eta okerragoa dela.
Azken urteko gertakariak erabakigarriak izan dira; bereziki, uztailetik aurrerakoak. Hilabete horren hasieran hil zen lanean Ibai Etxebarri Laudioko gaztea. Erantzun moduan, arratsalde horretan bertan ekoizpena gelditu zuten lantegian eta hurrengo egunean ere ez zituzten lanpostuak bete beharginek. Erabakia lantegiaren sarreran bertan hartu zuten, tentsioz beteriko batzar batean.
Hori guztia mobilizazioa eta protesta izan bazen ere, enpresak egun horretako soldata ordaintzea erabaki zuen eta sindikatu independenteak, adibidez, horrela bere burua zuritzen saiatzea leporatu zion zuzendaritzari.
Dena den, albiste txarrak ez ziren hor gelditu eta irailean, hain zuzen, Laudioko beste langile bat zendu zen Tubacexen. Kasu horretan, azpikontratatua zegoen eta bihotzekoa pairatu zuen bero handiko gune batean lanean ari zela.
Sindikatuek oso larritzat jo dute langileak euren esparru intimoetan jarraitzea
Grebara berriro
Bi istripuen artean, Langile Batzordeak zerrenda osatu zuen prekarietateari eta segurtasun faltari aurre egiteko hainbat hobekuntzarekin eta, euren ustez, zuzendaritzaren erantzuna ez zen egokia izan.
Hori dela eta, urriaren 26an greba eguna egin zuten istripuak eragin zituzten baldintzak aldatu ez zirela salatzeko. ELAk, STATek, CCOOk, LABek eta Independenteek nabarmendu zuten presioa eta tratu txarrak biderkatu zirela.
Barregarria ez den mimoa
Gerora enpresak berak oso ideia egokia izan ez zela aitortu behar izan duen arren, urrian ezustea egon zen Amurrio eta Laudioko lantegietan. Horrela, grebaren aurreko asteetan, enpresako zuzendaritzari bururatu zitzaion ekimen atsegina izango zela lantegietan mimo bat jartzea segurtasunaren zaindari izateko.
Zehazki, mimoak txartel horiak erakusten zizkien EPIak betetzen ez zituzten langileei. Iniziatibak harrera hotza izan zuen, kasurik onenean. Izan ere, hori egiten zen bitartean, sindikatuek salatzen zuten euren neurri proposamenak ez zirela kontuan hartzen. Ekimenaren emaitza bakarra giroa gehiago berotzea izan zen eta hainbat grebalarik “nire segurtasuna ez da pailazokeria” leloa zuen pegatina jartzea.
Gauzak hala, argia da etorkizunera begira planteatzen den galdera: tentsio igoerak jarraituko du, edo uneren batean langileen eta zuzendaritzaren artean akordioa lortuko dute? Eta adostasunik ez bada erdiesten, eztanda egingo al du noizbait denak?