[ERREPORTAJEA] Etxetik kanpo bizitzea, ikasgai nagusi

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mar. 6a, 07:00
Euren esperientziak partekatu dituzte ikasleek.

Badago ikasgai bat hezkuntza plangintzetan jasota ez dagoena eta ziklo edo gradu bat ikasten hasten diren Aiaraldeko ikasle askok gainditu behar izaten dutena: ikasle pisu edo egoitza bateko elkarbizitzatik bizirik ateratzea. 

Horretan diharduten bost gazterekin hitz egin dugu, eta esperientzia polit zein aberasgarria dela diote guztiek:

 

“Asko laguntzen du etxetik eta gurasoengandik horren azkar urruntzeak”

INÉS DE VALLE DIEGO (Artziniega, 2001) Bartzelonan dago genetikako gradua egiten eta bertako ikasle pisu batean bizi da.

Noiztik zabiltza pisu batean bizitzen?

2019ko irailean Bartzelonara etorri nintzen Genetikako gradua ikastera, Bartzelonako Unibertsitate Autonomora (UAB), ikasketa horiek eskaintzen dituen Espainiako unibertsitate publiko bakarra delako.

Campusean bertan, Vila Universitaria izeneko tokian izena eman nuen, pisua eskatzeko. Bi pertsonentzako pisu bat egokitu zitzaidan, Lleidako neska batekin. 2.000 ikasle gaude hemen bizitzen, pisu guztiz ezberdinetan... bost pertsonako pisuak daudelako eta baita pertsona bakarrekoak ere.

Nolakoa da elkarbizitza?

Pisuko elkarbizitza ezinhobea da. Nire pisukidea eta biok nahiko antzekoak gara, eta ikasketak eta bizitza soziala orekatzeko ez dugu arazorik. Elkarrekin egiten dugu lo, logela berdinean, eta nire ustez, nahiko ondo kudeatzen ditugu ordutegiak, errespetatzen dugu bestearen lo nahia. Logelaz aparte, komuna baita sukaldea eta egongela ere partekatzen ditugu. Pisu txikia da, baina soberan dugu bi pertsonentzako!

Zein da ikasle pisu batean bizitzearen alderik onena? Eta txarrena?

Ikasle pisu batean bizitzeak, nire ustez, alde on asko ditu. Hasteko, etxetik eta gurasoengandik hain azkar urruntzeak, asko laguntzen baitu. Adibidez, zure janaria prestatu behar duzu egunero, etxea garbitu, logela txukun mantendu... inor atzetik izangabe.

Hau da, eguneroko gauzak zure onerako bete behar dituzu, eta ez norbaitek esateagatik. Nire uste apalean, hori oso pauso garrantzitsua da. Gainera, nola ez, unibertsitateak sozialki guztiz aldatzen du zure bizitza, pentsatzeko modua nabarmen aldatzen da ere bai.

Nire kasuan, Vila Universitarian bizi naizenez, dena daukat eskura: farmazia, supermerkatua, ikasteko gelak, igerilekua, futbol zelaia, medikua... baita nire fakultatea ere, 10 minutu oinez eta bertan nago. Orokorrean, heldu bihurtzen laguntzen zaitu, erabakiak zure kabuz hartzeko prest egon behar zarelako.

Horrez gain, alde txarrak daude ere bai. Nabarmenena, gurasoen eta betiko lagunen falta da. Azken finean, zure betiko bizitzatik aldentzen zarelako. Gainera, batzuetan distantziak gogorrak dira, aldaketa handia da eta prest egon behar zara.

Nola banatzen dituzue pisuko ardurak?

Lehen aipatu dudan moduan, bi ikasle bizi gara pisuan, eta ez dugu batere arazorik izan pisuko arduretan. Bakoitzak bere logela zatia txukun mantendu behar du, janaria prestatzean platerak ahalik eta azkarren garbitzen saiatzen gara eta garrantzitsuena, ahalik eta gutxien zikintzen.

Astean behin, etxea sakonki garbitzen dugu, baina ez dugu ordutegi zehatza garbiketarako. Gainera, gure ordutegiak berdinak ez direnez, oso gutxitan topo egiten dugu sukaldean. Ikasteko, logelan bakoitzak bere mahaia du, baina etxetik hurbil ikasteko gela asko ditugu, unibertsitatea eta liburutegiak oso gertu ditugu ere bai, alde honetatik ez dago arazorik!

Amaitzeko, lehen aipatu dudan moduan, lo egiteko orduak errespetatzen ditugu, nahiko nekatuta egoten garelako. Unibertsitatea nekagarria da.

Zein aholku emango zenieke gurasoen etxetik ikaskide edo lagunekin pisu batera joatea buruan duen norbaiti?

Hasteko, mentalki prestatuta egotea. Zu zeu izatea eta zurekin bat egiten duten lagunak egiten saiatzea, baita arduratsua izatea ere. Ikastea da helburua, azken finean. Hasiera batean zaila izan edo iruditu arren, pertsona askok egoera hau gainditu dute, eta zu ez zara haiek baino gutxiago. Pertsonalki, asko gomendatzen dut kanpoan ikastea, bizitzan hartu dudan erabakirik onena dela uste dut. Orokorrean, jarrera ona, positibotasuna eta zure bertsiorik onena izanez, arazorik gabe gaindituko duzue egoera hau.

 

 

“Lehen urtea bada, zinez gomendatzen dut ikasle erresidentzia batera joatea”

Arrasateko Biteri Ikastetxe Nagusian bizitzen dago ENEKO TOQUERO UDAETA (Izoria, 2001).

Noiztik zabiltza ikasle egoitza batean bizitzen?

Irailetik nago Arrasaten ikasten. Biteri Ikastetxe Nagusian egotea hautatu nuen, Amurriotik hona zetorren ikasle bakarra nintzelako eta modu horretan lagunak egiteko aukera ikusten nuelako. Aiaraldeko ikasle bakarra naizen arren, inguruko hainbat pertsonarekin egin dut topo: Arrigorriagakoak, Bilbokoak, Donostiakoak...

Nolakoa da egoitzako elkarbizitza?

Familia moduko bat da egoitza. Lantalde eta batzordeetan banatzen gara eta bakoitzak zeregin, erantzukizun eta eskubide batzuk ditu. Ni, adibidez, tertulia eta bizikidetza lantaldean nago. Zazpi lantalde daude guztira. Larrialdi lantaldea dago, simulakro zein larrialdi egoeretan erantzuteko ardura duena.

Jangelaz arduratzen den taldea ere badago. Gosaria, bazkaria eta afaria ematen digute, gure janari propioa prestatzeko aukera ere dugun arren. Elkarbizitza taldea Gabonak, inauteriak eta bestelako ekitaldiak antolatzeaz arduratzen da. Amaitzeko, Network taldea dago, sare sozialez arduratzen dena.

Zein da ikasle pisu batean bizitzearen alderik onena? Eta txarrena?

Alde ona da lagun asko egiten dituzula eta oso erosoa dela, hotel batean egotea bezalakoa delako, azken finean. Zure logela soilik garbitu behar duzu eta horrek ez dakar lan-karga handirik. Ekitaldi andana egiten ditugu, beti gaude mugimenduan. Zure adineko jendearekin zaude, lagun berriak egiten dituzu eta giro ona dago.

Alde txarra pribatutasun falta izango litzateke. Logelak konpartitzen ditugu eta horrek ez dizu pribatutasuna mantentzen laguntzen, baina niri ez zait axola.

Zein aholku emango zenieke gurasoen etxetik ikasle egoitza batera joatea buruan duen norbaiti?

Lehen urtea bada, zinez gomendatuko nuke ikasle erresidentzia batera joatea, lagun asko egin eta asko ikasten duzulako. Beste esperientzia berri bat da unibertsitate munduan, asko gozatzeko modukoa.

 

“Lagunak egiteko eta asko ikasteko gogoekin bazoaz, hasierako une txarrak eder bihurtuko dira”

IRAIA SABATER BOMBIN (Areta, 2000) Sorian dago ikasten eta bertako ikasle egoitza batean bizi da. Bertan bizitako esperientziak izan ditu hizpide. 

Noiztik zabiltza ikasle egoitza batean bizitzen?

Aurreko ikasturtean etorri nintzen Soriara ikastera eta ordutik daramat erresidentzia batean bizitzen. Bakarrik etorri nintzen baina ordutik ona nahiko lagun egin ditut. Hala ere, hasieratik izan nuen Cadizeko neska bat logelakide moduan, eta egun nire laguna da.

Nolakoa da egoitzako elkarbizitza eta eguneroko bizitza?

Esan bezala, erresidentzian bizitzea oso ondo dago. Azken finean beti daukazu baten bat hitz egiteko, buelta bat emateko edota ikasteko. Baina noski, horrek ere bere alde txarra badauka, lasaitasuna behar duzunean nahiko zaila delako lortzea. Gainera, batzuetan zarata handia dago (gauean batez ere) eta bazkaltzeko eta afaltzeko ordutegiak errespetatu behar ditugu. Hori da egoitzaren alderik okerrena, baina gutxiengoa da, gauza on guztiak pena merezi dutelako.

Zein da ikasle horrelako erresidentzia batean bizitzearen alderik onena? Eta txarrena?

Erresidentzian bizitza oso berezia da, beti daukazu baten bat momentu onak zein txarrak bizitzeko, kriston giroa dago beti egongelan pelikulak ikusteko, kartetan jolasteko... eta, gainera oso pertsona gutxi gara, 90 inguru, eta gehienak nire karrerakoak dira eta horrek giroa ere asko ontzen du.

Zein aholku emango zenioke gurasoen etxetik horrelako egoitza batera joatea buruan duen norbaiti?

Hasieran nahiko zaila izango da, ezin dut hori egia ez dela esan. Baina lagunak egiteko eta asko ikasteko gogoekin bazoaz, hasierako momentu txarrak pasatu eta ederrak bilakatuko dira, bizitzen zaren leku berri hori etxe bilakatuz eta hor pasatako momentuak ahaztezinak bilakatuz.

 

“Ez da gauza bera kalean pote bat hartzea edo elkarrekin bizitzea”

MIRIAM BUESO ANGUITA (AMURRIO, 1995) -goiko argazkian ezkerrean- Gasteizen dago gizarteratze ziklo bat ikasten. Bere bi klasekiderekin konpartitzen du pisua, eta bere bizipenen inguruan mintzatu da. 

Noiztik zabiltza ikasle pisu batean bizitzen?

Irailetik nago bizitzen Gasteizen. Horrelako esperientzia bizitzen dudan bigarren aldia da, duela 3 urte ere hemen egon bainintzen. Gizarteratze zikloko bigarren mailan nago eta klaseko hiruk elkarbanatzen dugu pisua.

Nolakoa da pisuko elkarbizitza?

Elkarbizitza ona daukagu, urtebetez elkarrekin klasean egon gara eta pisua hartu aurretik nahiko ezagutzen genuen elkar. Klasetik aparte, bakoitzak bere lan, aisialdi eta abarren ordutegiak ditu eta ondo kudeatzen dugu horien guztien “konbinaketa”.

Zein da ikasle pisu batean bizitzearen alderik onena?

Alderik onena zalantzarik gabe zure bizitza kudeatzeko daukazun autonomia da. Zuk zure denbora eta ardurak ordenatzeko aukera eta beharra duzu, egoera berriak heldutasun puntu bat hartzea eskatzen dizu. Txarrena ez nuke jakingo esaten, baina ez bazara egokitzeko gai, hori izan daiteke gertatu daitekeen gauzarik makurrena.

Kontuan izan behar duzu zure bizitzaren dinamika aldatuko dela, pertsona berriekin biziko zarela eta nahiz eta aurretik zure lagunak izan, ez dela gauza bera kalean pote bat hartzea edo leku berdinean bizitzea.

Nola banatzen dituzue etxeko ardurak?

Asteko menua egiten dugu igandero eta hori prestatzeko beharrezkoak diren osagaiak erosten ditugu astelehenetan. Asteko egunak banatzen ditugu eta bakoitzak egokitu zaizkion egunetan janaria prestatu behar du. Merkeago ateratzen zaigu eta denetarik jateko aukera izaten dugu horrela.

Garbiketarekin antzeko programazioa egin dugu: bakoitzak, astero, etxeko gune bat garbitzeko erantzukizuna dauka eta normalean, hori betetzen dugu. Klase berekoak garenez, orain, azterketa garaian, etxea kaosean murgildu da, baina azkar berrartu dugu garbiketaren dinamika.

Zein aholku emango zenieke gurasoen etxetik ikaskide edo lagunekin pisu batera joatea buruan duen norbaiti?

Etxetik kanpo bizitzea ez da jolasa; gurasoen etxean ez dituzun erantzukizun batzuk hartzeko aurrerapausoa ematea da. Sentsazio berriak biziko dituzu, onerako eta txarrerako. Laguntza behar duzunean, eskatu; bakarrik sentitzen bazara, adierazi; eta gogoratu: egokitze prozesu bat biziko duzu, ez kezkatu hasieratik ez bazara eroso sentitzen, normala da. Errutinak finkatu eta zure bizitza berria martxan jarri, aukera aprobetxatu!

 

“Niretzat ona da etxearen garbiketaz, arropa garbitzeaz, otorduez... arduratu behar izatea”

Lau urte daramatza UXUE DURANA CUADRAk (Urduña, 1996) Gasteizen bizitzen, ikasle pisu batean. Bertako izandako bizipenen inguruan mintzatu da. 

Noiztik zabiltza pisu batean bizitzen?

4 urte daramatzat ikasle pisu batean, Gasteizen. Lehenengo urtean nire lagun eta klasekide batekin egon nintzen eta gainerako 3 urteak klasekide berdinarekin eta beste ikasle batekin.

Nolakoa da pisuko elkarbizitza?

Elkarbizitzari dagokionez, oso ondo moldatzen garela eta gure artean giro ona dagoela esan dezaket.

Zein da ikasle pisu batean bizitzearen alderik onena? Eta txarrena?

Guretzat gurasoekin bizitzea erosoagoa den arren, niretzat ona da etxearen garbiketaz, arropa garbitzeaz, otorduez... arduratu behar izatea, gure autonomia garatzeko aukera paregabea baita. Bestalde, alderdi txar bat bezala, ikasle pisu batean egoteak dakarren kostua aipatuko nuke.

Nola banatu egiten dituzue pisuko ardurak?

Otorduei dagokienez, normalean bakoitzak bere janaria prestatzen du eta garbiketak aldiz, txandaka egiten ditugu.

Zein aholku emango zenioke gurasoen etxetik ikaskide edo lagunekin pisu batera joatea buruan duen norbaiti?

Nire kasuan esperientzia ona izan dela eta berak ere ikasle pisu batera joan nahi eta aukerarik baldin badu, aprobetxatu dezala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide