Eskualdeko alkateak batuta, alkoholaren kontsumo arduratsuaz kontzientziatzea helburu

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ots. 26a, 09:00

Prentsaurreko berezia egon zen iragan ostiralean Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan. Nahiko ezohikoa izan zela esan daiteke, trena duten Aiaraldeako udalerri guztietako alkateek parte hartu baitzuten bertan.

Alkoholaren kontsumo arduratsua sustatzeko kanpaina bat aurkeztea izan zen ekitaldiaren helburua, “Gelditu geltokian” izenekoa. Hamar udalerrik egin zuten bat ekimenarekin: Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Ugao, Arrankudiaga-Zollo, Arakaldo, Arrigorriaga, Basauri eta Bilbo.

Udalerri horiek guztiek gauza bat dute komunean: Tren geltokia dute C-3 linean. Hain zuzen, tren zerbitzuan garatuko da kanpaina, bigarren urtez jarraian.

Kartelak eta informazio-liburuxkak banatuko dituzte horretarako. Ikus-entzunezkoak ere jarriko dituzte, txartelak erosteko dauden makinetan.

Helburu nagusia honakoa izango da: Gazteei alkoholaren kontsumo arduratsuaz kontzientziatzea eta, edanez gero, autoaren ordez trena hartzera bultzatzea. “Garaiz gelditzearen garrantzia” zabaldu nahi dute kanpainarekin.

Ordutegi formatuko eskuorriak baliatuko dituzte horretarako, alkoholaren efektuei eta eraginari buruzko informazioa plazaratuta.

Bigarren edizioa
Iaz egin zuten ekimenaren lehen edizioa Laudioko eta Amurrioko Udalek. Baina, izan zuen arrakasta ikusirik, beste zortzi udal batu dira ekimenera, arestian aipatutako herrietakoak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide