[IRITZIA] Hildakoak zenbatzen jarraituko dugu?

Aitor Aspuru Saez 2020ko ots. 26a, 12:05

Lan heriotza salatzeko gaur eguerdian eginiko mobilizazioaren irudia. / Aiaraldeko Greba Batzordea

Jendeak Coronavirusaren kutsatu eta hildakoen zerrenda jarraitzen duen bitartean, eskualdean 4 langile zendu dira 8 hilabetetan. Larrialdiko neurri proposamenik ez dugu entzun momentuz.

Atzo Osalan eta Ertzaintza ikusi genituen elkarlanean enpresa batean lan heriotza bat argitzeko. Aiaraldeari dagokionez, 4 aldiz errepikatu da irudia azken 8 hilabeteetan: bat Laudioko Tubacex lantengian, beste bat talde bereko fabrikan Amurrion, beste bat pasa den hilabetean Galdakaon -Aitor Molero laudioarra izan zen hildakoa- eta atzo berriro Murgako Industriagunean, Zorroza gestión de residuos enpresan.

Uztailean gertatu zen lehen istripua eta nolabaiteko lurrikara eragin zuen gazte baten heriotzak, baina ondorengoak geroz eta normaltasun gehiagorekin hartu dira. Eta hori larritzekoa da. Norbaitek lanpostuan bizitza uztea ezin daiteke arrunta bilakatu. Lan egiten dugu bizirauteko, ez hiltzeko.

Guztira, Euskal Herrian jadanik 14 langile zendu dira, eta beste bi -Zaldibarrekoak- topatu behar dira oraindik.

Norbaitek pentsa dezake zorigaitzeko kasualitatearen ondorioa dela 4 langile hiltzea eskualde berean hilabete gutxitan, eta onartu dezakegu -hipotesi moduan- horrela dela.

Ordea, zendu diren beharginen profilei erreparatzen badiegu, ematen du prekarietateak baduela zerikusirik. Tubacexen hildako lehen langileak berriki sinatu zuen bere kontratua, lantegian Dual trebakuntza egin ostean. Amurrioko talde bereko fabrikan zein Galdakaon zendutako laudioarrak azpikontrata batean aritzen ziren eta, azkenik, astelehenean istripua izan zuen gizona etorkina zen.

Horrela jarraituz gero, lanera joatea gerra ikusezin eta gorra bilakatuko da eta kazetarion zeregina hildakoen zerrenda osatzea besterik ez da izango.

Esan bezala, dena izan daiteke kasualitate kosmikoa, baina zantzuak daude susmatzeko lan merkatua abiadura meteorikoan okertzen ari dela eta hainbat bizitza geratzen ari direla bidean. Izan daiteke lan erreformaren ondorioen urte erabakigarrietan sartu izana? Ezin jakin, inork ez baitio erreparatu eta ez dira salbuespeneko edo larrialdizko neurriak proposatu.

Bitartean, jende orok burua galtzen du Asian eta Italian agertzen ari diren Coronavirus kasuekin, eta ez du sumatzen bere alboan, eskualdean bertan, jendea ari garela lurperatzen oinarrizko jarduera betetzen duen bitartean: lana.

4 hildako izan ditugu jadanik, eta horrela jarraitzekotan, aurpegiak eta izenak gogoratzea gero eta zailagoa izango da, amorrua piztea bezala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide