“La inocencia” eta “La odisea de los Giles”, asteburuko eskualdeko zinema eskaintza erakargarrienak

Julen Solaun Martinez 2020ko ots. 28a, 07:00
"La inocencia" filmaren fotograma bat. / RTVE

Filma horiez gain, Hasta que la boda nos separe komedia espainiarra eta marrazki bizidunetako Lur eta Amets eta Espías con disfraz ere proiektatuko dira.

La odisea de los Giles argentinarra Amurrion, eta La inocencia espainiarra Laudion, dira asteburuko Aiaraldeko eskaintza zinematografiko erakargarrienak. Horiez gain, Espías con disfraz eta Lur eta Amets marrazki bizidunetako filmak, eta Hasta que la boda nos separe komedia ere proiektatuko dira.

Larunbatean La inocencia izango da protagonista Laudion, 17:30etako eta 20:00etako proiekzioekin. Lucia Alemany valentziarraren lehenengo filma luzeak nerabe baten udako amodioa eta ondorengo ez desiratutako haurdunaldia kontatzen ditu. Zuzendariak “autobiografiko" bezala deskribatu duen film honek bi izendapen lortu ditu aurtengo Goya sarietan: Emakumezko errebelaziozko aktorearena eta abesti onenarena.

Igandean, 16:30ean, Lur eta Amets marrazki bizidunetako pelikula euskalduna ikusteko parada egongo da Orozkon. Imanol Zinkunegik (PAYAS.O.S ¡¡¡Al rescate!!!) eta Joseba Poncek zuzendua, bi bikien istorioa kontatzen du, amamaren eta katuaren laguntzarekin historian barrena abenturak biziko dituztenak. 17:30ean, Amurrion, Espías con disfraz superprodukzio estatubatuarra proiektatuko da. Troy Quane eta Nick Brunoren lehendabiziko filma luzeak kritika positiboak izan ditu, eta espia baten eta zientzialari baten arteko mundua salbatzeko istorioa kontatzen du.

Ondoren, Hasta que la boda nos separe komedia espainiarraren (Orozkon 19:00etan) eta La odisea de los Giles argentinarraren unea izango da (Amurrion 19:30ean). Lehenengoak, Dani de la Orden (Barcelona, noche de verano) katalanak zuzendua, hala moduzko kritikak izan ditu eta amodio desleialtasun batean oinarritutako istorioa kontatuko du.

Film argentinarra, aldiz, 2001eko krisi ekonomiko bortitzean dago girotuta eta lagun talde batek galdutako dirua berreskuratzeko eginiko lapurretaren istorioa kontatzen du. Sebastian Borenszteinen (Un cuento chino) filmak kritika onak jaso ditu eta Goya sarietan izendapena jaso zuen film iberoamerikar onenaren kategorian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide