[ERREPORTAJEA] Eskualdeko ikastetxeek irekita jarraitzen dute, klaserik izan ez arren

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mar. 13a, 16:19

Laudio BHI Institutua, gaur goizean. / Aiaraldea.eus

Ikasleei lanak Internet bidez bidaltzeari ekin diote, baina langileek ikastetxera joateko derrigortasuna dute momentuz, salbuespen batzuk kenduta.

Giro lasaia sumatzen zen gaur goizean Laudio BHI institutuan. Ikasle bakan batzuk baino ez ziren ikusten korridoreetatik. “Liburuen bila etorri dira”, azaldu du Andoni Gorostiaga ikasketa buruak, “ikastetxea ixtearen agindua arratsaldean eman zutenez ezin izan genien material guztia etxera eramateko esan. Gauzak hala, ordutegi bat atondu behar izan dugu, institutuko 500 ikasleak batera etorri ez zitezen”.

Hezkuntza Sailetik egondako planifikazio eza nabarmendu du Gorostiagak. “Arratsaldean abisatu gintuzten. Notifikazioa eguerdiko azken orduan jaso izan bagenu ikasleak liburuen bila etortzea aurreztu ahalko genuke”. Beste bat jarri du ere mahai gainean irakasle aretarrak: Institutuan berez ez zutela inolako notifikazio ofizialik jaso. “Hedabideetan ikusi genuen albistea baina, informazio ofizialik jaso ez genuenez, ezin genuen ezer esan”. Azkenean, gurasoei jakinarazpena bidaltzea erabaki zuten, “Zaraobe Institutuak pasatu zigun dokumentua”.

 

Laudio BHI institutuan berez ez zuten eskola itxi behar zenaren notifikazio ofizialik jaso

 

Beste eskola batzuetako irakasleek ere kritikatu dute albistea hedabideen bidez jaso izana. “Araban eskola guztiak itxita egonda arraroa egiten zitzaigun Urduñakoa irekita egotea”, azaldu dute Urduñako Herri Ikastetxeko kideek, “gure bi talde Guggenheimenen zeuden albistea jaso genuenean”. Orain 20 irakasle daude ikastetxean lanean.

Antzeko egoera batean daude Aiarako Etxaurren Ikastolan ere. “Familiek ondo onartu dute, ez dugu inolako kexarik jaso”, nabarmendu du Erika Llamazares ikasketa buruak. Datozen egunetako jardunari buruz galdetuta, hala nola moldatuko direla azaldu du irakasleak: “gu eskola txikia gara eta ziklo guztietan ez dugu Internet erabiltzeko ohiturarik. Gauzak hala, kasu batzuetan gurasoak bertaratu dira etxeko lanak paperean jasotzera”. Hala ere, azken albisteetara egokitu beharko dutela gaineratu du Llamazaresek: “hasieran astebeterako lana osatu genuen, baina egoera aldatu egiten ari da”.

Zaraobe Institutuan ere ekin diote lana Internet bidez bideratzeari. Irakasle gehienak hezkuntza zentrora bertaratu direla jakinarazi du Roberto Marin zuzendariak. Arrisku taldeko kideak dira salbuespena: haurdun daudenak, nagusiak eta abar. Horrez gain, “garbitasun irizpideak” zorroztu dituztela gaineratu du Marinek.

Kontziliazioa
Kontziliazioari, Llamazaresek azaldu du euren umeak ikastetxera ekartzeko aukera luzatu dietela irakasleei, “malgutasuna emateko”, nahiz eta momentuz ez duen inork egin. Zaintza lanak kontuan hartu ez direla kritikatu du Gorostiagak: “Familia kontziliazazioari buruz ez dago lerro bakar bera ere ez idatzita ikastetxeei bidalitako agirian. Ez dugu ulertzen osasunaren ikuspegitik gu nahitaez hemen egon behar izatea”.

Laudio Ikastolan, aldiz, telelana baliatuta ekin diote funtzionatzeari, aurretik ere “harreman telematikoa” garatua zutelako ikasle eta gurasoekin. “Adin bakoitzean ezberdina da. Ume txikien kasuan, adibidez, gurasoak dira tutorizatzeaz arduratzen direnak. Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoan, aldiz, ikasleak eurak dira internet bidez komunikatzen direnak irakasleekin.

Hala ere, telelana eskola guztietara zabaltzea “denbora kontua” dela uste du Gorostiagak. “Laudioko institutuan 80 pertsona gaude lan egiten eta distantziek ez digute uzten koronabirusaren prebentziorako segurtasun irizpideak mantentzen, zentzugabea da”. Era berean, ikastetxeetako gainontzeko langileek lana ere “zintzilik” dagoela nabarmendu du irakasleak, “garbitzaile edota jantokiko arduradunena kasu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide