[ERREPORTAJEA] Koronabirusak Europako unibertsitateak gelditu ditu, Aiaraldeko ikasle ugari tartean

Julen Solaun Martinez 2020ko mar. 14a, 12:00

Imanol Gonzalez da Madrileko egoerak kaltetuko ikasleetako bat. / Imanol Gonzalez

Ia Europa osoan itxi dituzte eskolak eta unibertsitateak. Erreportaje honetan Aiaraldean, Madrilen, Belgikan eta Italian ari diren ikasleek krisiari aurre egiteko izan dituzten moduak izan ditugu hizpide. 

Koronabirusak sortutako komuneko paper eskasiaren zelulosa apokalipsia hasi aurretik, gomendagarria izango litzateke erreportaje hau irakurtzea. Eskualdeko, estatuko eta mundu osoko jarduera ekonomiko eta soziala erabat geldiarazten ari den birusak, osasunerako arriskua izatetik eta ekonomia 2008tik ikusten ez zen moduan jipoitzeaz aparte, Europako hainbat herrialdetako klaseak bertan behera utzi ditu.

Imanol Gonzalez Madrilen ari da aurten masterra ikasten eta, “tentsioa baino gehiago”, hirian urduritasuna nabaritzen ari dela dio. Metroan, esaterako, eskularruekin doazen pertsona ugari ikusten hasi direla zehaztu du. Eskolak eta unibertsitateak ixteko neurriak plazaratu eta gero (berak Madrilen geratzea erabaki du, nahiz eta ikasle ugarik etxera bueltatzea nahiago izan duten), supermerkatuetako hornidura eza nabaritzen hasia dela ikusi du. Hala ere, jendeak kalera ateratzen jarraitzen duela nabarmendu du, “tabernetara zer edo zer hartzera”. Klaseak telelanaren bidez egiten ari da Gonzalez, Matrixen simulazioaren antza izango dute unibertsitateek datorren asteetan zehar.

Amaia Solaun, bestalde, itzulpengintza ikaslea da eta Erasmusen ari da Belgikan. Telelanarekin hasi zen ostiralean, datorren asteetan hori egiteko asmoa baitute herrialdean. Solaunek Aste Santuan etxera bueltatzeko asmoa zuen, baina mirariak Lourdesen (Frantzia) bakarrik gertatzen direnez, ez du uste bidaiatzea posiblea izango duenik. Ikuskizunak suspenditu eta klaseak eta lana telelanaren bidez egiteko erabakia ere hartu dute Belgikan; dena den, supermerkatuek komuneko papera izaten jarraitzen dutela gehitu du. Gaitz erdi.

Nahiz eta western generoko pelikulekin zerikusirik ez izan, taberna bakoitzak nola edo hala destilatutako whiskia barne, litekeena da Solaunen Erasmureko kide estatubatuarrak laster aberriratzea. Belgikak alarmaren hirugarren fasea martxan jartzekotan, AEBko ikasle guztiak bueltatzera behartuko ditu Trumpen gobernuak. Horren harira, Espainiako beste hainbat unibertsitatek ere Erasmuseko ikasleak aberriratzeko erabakia hartu dute, programa bertan behera utzita.

Ander Fernandez laudioarra Turinera joatekotan zen hezitzaile ikasketako praktikak burutzera. Tamalez, koronabirusaren krisiak bete-betean jo zuen Italiako zonalde hau eta etxean geratzeko eskatu zioten aste hasieran. Praktikak Bizkaian egingo zituela esan zioten, Gernikan ikasten baitu. Baina koronabirusak estatu osoa, eta bereziki Araba, era bortitzean jo du eta, momentuz, hemengo praktikak ere bertan behera geratu dira, amaiera epe zehatzik gabe.

Eta Italiarekin jarraiki, Gonzalezek lagun bat du bertan, Erroman. Daniele Scuffia adin bereko unibertsitate ikaslea da. Europa osoko beste ikasleak ez bezala, Scuffia ezin da etxetik atera, supermerkatuan edo farmazian erosketak egiteko salbu. Ikasketa zentroak itxita daudenez, Fortniteak protagonismoa hartuko du Italian asteotan. Nola edo hala dibertimendua mantentzen saiatuko dira herrialde transalpinoan, beharko dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide