Tubacexeko enpresa batzordeak ohartarazi du ekoizpena geldituko dutela segurtasun neurriak betetzen ez badira

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mar. 16a, 17:15

Tubacexeko langileak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Gaur goizean fabrikako zenbait zonaldetan gelditu dute ekoizpena koronabirusaren aurrean hartutako segurtasun neurriak bermatzen ez zirelako. Zuzendaritzak adierazi du ez duela ekoizpena geldituko.

Tubacexeko langileen batzordeak premiazko bilera egin du Tubacexeko zuzendaritzarekin, koronabirusa dela eta hartu beharreko neurrien inguruan hitz egiteko. Segurtasun neurrian faltan, ekoizpena “berehala” geratzeko eskatu diete sindikatuek enpresako buruei, baina hauek erantzun dute ez dutela ekoizpena eteteko asmorik. Horrez ordez, ezarritako protokoloak betetzea eta langileen segurtasuna arriskuan jarriko lukeen ekintzarik ez egiteko deia luzatu du zuzendaritzak.

Langileen ordezkariek azaldu dutenez, hauek dira zehaztu diren segurtasun neurriak:

  • Epi eta maskarak erabiltzea horietako beharra dagoen postuetan.
  • Laneko elementu guztien garbiketa bermatzea.
  • Behargin guztien arteko 1,5 metroko distantzia uneoro mantentzea.
  • Aurreko egunetan beharginei entregatutako protokoloetan agertzen diren jarraibideak betetzea.

Komiteak ziurtatu du protokoloaren edozein urraketa salatuko duela, "arauak betetzen ez badira geratzeko eskubide eta betebeharra dugu”.

Aiaraldea hedabideak jakin izan duenez, gaur goizean Amurriko fabrikako atal batean ekoizpena gelditu izan dute jarduera segurtasun irizpideak mantentzen ez zirelako. Antza, maskarak eta desinfektatzaileak falta ziren eta horregatik "pilger" sekzioko lana eten dute. Atal hori Amurrioko garrantzitsuena da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide