Argazki bidezko pintxo lehiaketa antolatu dute Aiaraldeko Berbalagunek

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko mar. 26a, 12:35

Etxean egindako pintxoen argazkiak bilduko dituzte apirilaren 3 arte.

Apirilaren 3 arte egongo da pintxoen argazkiak bidaltzeko aukera. Facebookeko atsegiteen bidez erabakiko da lanik onena. "Dastatu gabeko lehen pintxo lehiaketa izango da", aurreratu dute.

Berrogeialdiak eta jardueren eteteak bete-betean eragin dute eskualdeko elkarteen jardueretan. Aiaraldeko Berbalagunak da euren plangintza egokitu duen eragileetako bat. Aaron Garmendia Sanchezek aitortu duenez, mendi irteerak, ikastaroak eta abar zituzten iragarrita. Alabaina, larrialdi egoera dela-eta, bestelako jarduerak planteatu dituzte horien ordez.

"Ikusita jendeak etxean zegoela horrelako gauzak antolatzeko aukera polita zela ikusi genuen", azaldu du. Horren adibide da argazki bidezko pintxo lehiaketa:

Pertsona bakoitzak gehienez 3 argazki bidali ahalko ditu, "pintxo bat baloratuko da argazkiko. Beraz, ez du inporta zenbat prestatzen dituen bakoitzak". Apirilaren 3 arte aurkeztu ahalko dira lanak, eta hilaren 10ean jakinaraziko dute Facebook bidez zein argazkik lortu dituen boto gehien. Irabazleak Zuhaitza liburu-dendan erabiltzeko 50 euroko bonoa jasoko du trukean, "berrogeialdia bukatu eta gero, noski".

Berbalagun taldeak, online
Berbalagun taldeak ere egokitu dituzte egoera berrira, arduradunaren hitzetan: "Lau talde ari dira elkartzen whatsapp bidezko bideo deiekin, launaka". Modu horretan dabiltza Amurrioko talde bat, eta Laudioko hiru. "Sare sozialetan jende animatzeko kartela zabaldu genuen, eta Euskal Herriko beste herrietako kide batzuk animatu dira, Iruñetik esaterako", erantsi du.

Aurrerantzean, online bidezko jarduerak proposatuko dituzte. "Sare sozialen bidez zabalduko ditugu ekintza guztiak. Yoga saioa genuen martxoak 28an aurreikusia, eta bideoz zabaltzen saiatuko gara".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide