Funtsezkoa ez den jarduera ekonomiko oro gelditzeko aginduko du Espainiako Gobernuak. Hala jakinarazi du Pedro Sanchezek gaur arratsaldean eskainitako prentsaurrekoan. Bihar egingo den ezohiko Ministroen Kontseiluan onartuko dute neurria, eta astelehenean jarriko da indarrean.
Presidenteak aurreratu du neurria bi astez egongo dela indarrean; hau da, datorren apirilaren 9ra arte, gutxienez. Sanchezek azaldu du langileek soldata jasoko dutela euren enpresen partetik etxean dauden egunetan, baina gero lanordu horiek berreskuratu beharko dituztela.
Oraindik ikusteke dago zer jarduera egitea baimenduko duen bihar onartuko den neurriak, baina eskualdeko fabrika askok ateak itxi beharko dituztela aurreikusi daiteke. Hori da, hain zuzen, atzoko Haserre Egunean Euskal Herriko gehiengo sindikalak eskatu zuena, langileen osasuna bermatzeko.
Horri gaur onartu den beste neurri bat gehitu behar zaio, Espainiako Gobernuak kaleratze objektiboak debekatu berri baititu, eta Covid-19 birusa dela eta abian jarri diren enplegua erregulatzeko aldi baterako espedienteen iraupena alarma egoera amaitu arte iraun ahalko dute gehien jota.
Gaiari buruzko jarraipen berezia egiten ari dira Berria hedabidean.