UDARAKO DOINUAK

Musika elektronikoa 5 diskotan Nuria Prieto DJarentzat

Erredakzioa 2020ko uzt. 14a, 06:10
Nuria Prieto DJa, artxibo irudi batean.

Nuria Prieto DJak lana hartu du musika elektronikoko 5 disko hautatzeko, genero horren ateak parez pare irekitzeko interesdunei.

Nekez, eta asko kostata, hautatu ditut niregan eragin handia izan duten 5 binilo disko. Lan zaila da baztertzea musika elektronikoan garrantzia handia izan duten eraginak, ekoizleak edota disketxeak. Izan ere, "elektronika" esanahi zabaleko hitza da, hamaika genero barnebilrzen du eta zaila da laburtzea. Horregatik, minimala eta elektro makarra lehenetsi ditut, beti nabarmendu baititut nire saioetan. Disko hauek beti doaz nire maletan duela hamarkada batetik hona. Halaber, baliatu nahi izan dut aukera omenaldi txikia egiteko emakumeari eta bere sorkuntzei, hainbat dantza sustatu baitute.

1. Iñaki Marin: Pictures

Markelek, nire musika saio kideak, oparitutako lehen diskoen artean dago eta oso berezia da. Nire saioetako protagonista nagusiena da, nire gustua ondo definitzen duena. Elektro gordina, femeninoa, errebeldea eta punk estiloko.

Iñaki Marinek, Bartzelonako ekoizlea eta DJak, arrakasta handia lortu zuen esparru elektronikoan 90eko hamarkadan dantzatzeko musika azidoa sortuta publiko ororentzat. Automato, Beija flor, Pictures, Mientras dormías dira entzun beharreko abesti batzuk.

2. Mathew Jonson: Decompresion

Binilo honekin ikasi nuen nahasketak egiten. Hau da: disko baten bonoboak eta beste batenak aldi berean jotzen. Bere bonbo indartsuak beti harrapatu nau, gizakiok, animaliok eta naturak erritmo berean baitoaz. Minimal puruena disketxe puruenaren eskutik: Minus. Mathew DJ eta ekoizle kanadiar maitatu eta gurtua ezinbesteko erreferentea izan da elektronikan. Txikitatik lotura izan du perkusioarekin, izan jazz edo techno. Bonba honetaz gain, askok jarri ditugu Typerote, Marionette edo Dirt road and the boat from soundware bezalako klasikoak.

3. Argy: Love dose

Batzuek badaukagu biniloa errepikatuta eta guztiok entzun eta dantzatu dugu askotan, Poker Flat disketxe aipagarriak merezi du eta. Azpimarratzekoa da Euskal Herriko DJ handiek, Ima-Txilautek edota Trampasek, esaterako, aurkeztu zigutela eta disketxea partekatu zutela publikoarekin saio orotan. Asko zipriztindu ginen bere jakintzez eta bere soinu fresko eta bonbo dotoreen bilaketa nekaezinaz. Horri esker, zale ugari sortu ziren, baita hainbat DJ, kultura elektroniko aberatsa izanik. Horregatik beti egongo naiz eskertuta.

4. Trentemoller: Moan

Danimarkako konpositore eta DJ ezaguna da Trentemoller. Oilo ipurdiko azala jartzea lortzen du bere talentuarekin ekoizle gisa, inork baino hobeto jolasten du techno, electro, minimalismoarekin eta "zarata zuriko" igoerekin, baita nabardura sentiberekin.

Aukera izan nuen zuzenean ikusteko eta ez zuten inor hotz utzi. Ikuskizuna izugarria izan zen. Moan biniloa nirekin doa beti piztiak baretzeko.

5. Michael Mayer Mix/ Ferenc: Yes, sir I can hardcore

Niretzat hau da inoiz entzun dudan sorkuntza elektroniko osatuena eta onena. Lehenengo aldiz entzun nuen Dance de Lux aldizkariak oparitutako CD batean 2004an eta maitemindu ninduen. Ia 10 urte behar izan nituen biniloa eskuratzeko. Argitalpen mugatua izan zen eta oso gutxik zeukaten. Egun, nire bildumaren harri bitxia da.

Michael Mayer Kompakt zigiluaren ezinbesteko kidea izan zen eta derrigorrez aipatu beharra zegoen. Biziki animatzen zaituztet entzutera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide