Apirilaren 10ean eta 11n izango da kultura eskaintzaren etenaldia, egoera salatzeko. Jose Manuel Rodrigez Uribes Espainiako Kultura ministroak egindako adierazpenen ondorioz sustatu du deialdia Aktoreen Batasuna Sindikatuak, kultur sektorea laguntzeko neurririk ez dutela hartuko adierazi baitzuen. Sare sozialetan #ItzalaldiKulturala traola erabiliko dute sektorearen egoera bistaratzeko.
Eskualdeko kultura jarduera eta aretoak itxita daude, berrogeialdia dela eta; Amurrioko Burubio zein Antzokia kasu.
Aiaraldea Komunikabideak, sortzaileei babesa adierazte aldera, ez du gaur eta bihar kultur emanaldirik plazaratuko. Hori dela eta, igandean argitaratuko dira larunbaterako aurreikusitako kultur emanaldiak eta Kokoriko Hezkuntza Faktoriako hurrengo ikus-entzunezkoak.