[BIDEO ERREPORTAJEA] Nola egiten dituzte suhiltzaileek desinfekzio lanak?

Txabi Alvarado Bañares 2020ko api. 13a, 21:55

Aiarako Suhiltzaileen egunerokoa nabarmen aldatu da konfinamendua eta alarma egoera ezarri zirenetik.  Sute eta istripu kopuruak murriztu egin dira, baina desinfekzio lanak gehitu dira suhiltzaileek ohiko jardunera.

Aldaketa nabarmenak ekarri dituzte konfinamenduak eta alarma egoerak eskualdeko herritarren egunerokotasunera, eta suhiltzaileak ez dira salbuespena izan. “Guztiz” aldatu da Laudioko suhiltzaile parkeko bizitza, Igor Biribai Ibarluzearen hitzetan. “Segurtasun neurriak handitu egin dira. Azpiegituren garbiketa eta desinfekzio lanak areagotu egin dira, Covid-19 birusa geldiarazteko. Momentuz ondo egiten ari gara aurre”.

Sute gutxiago, garbiketa gehiago
Kanpoan egiten dituzten ekintzen nolakotasuna ere aldatu da, suhiltzaileak azaldu duenez. Lehen ura zen euren funtsezko lehengaia. Orain, aldiz, produktu kimikoak baliatzen dituzte. “Jaitsi egin da lehen ohikoak ziren ekintzen kopurua”. Horren arrazoia sinplea da, Biribairen arabera: “Ekintza horiek oso lotuta daude gizakien jardun kopurura”. Hau da, kalean mugimendu gutxi dagoenez, jaitsi egin da sute eta istripu kopurua.

Hala ere, suhiltzaileen lan-zama ez da txikitu, desinfekzio-lanak egitera pasa baitira. “Jendea pilatzen den tokietan aritzen gara batez ere, eta baita nagusien egoitzetan, merkataritza guneetan eta osasun zentroetan”.

“Pandemia kontrolpean izatea” dute helburu. Hainbat baliabide dituzte horretarako. “Hipoklorito eta urez eginiko nahasketa batekin bete dugu baso-suteetarako erabiltzen genuen kamioiaren zisterna”. Disoluzio hori erabiltzen dute tokiak desinfektatzeko. Matabiak ere erabiltzen dituzte, nekazaritza alorrean (fumigatzeko, adibidez) erabiltzen diren motxilak.

Biribaik erantsi duenez, gaur egun 4 suhiltzaile daude txanda bakoitzean. “Lanera sartzen garen goizean Arabako suhiltzaileen zuzendariak gure taldeko buruari bidaltzen dio egun horretan egin beharreko desinfekzioen zerrenda, eta lehentasunen arabera ordenatuta ekiten diogu lanari”. Hala ere, Biribaik nabarmendu du antzeko garbiketa lanetan dauden bestelako taldeekin koordinatzen  direla, “lanak eta indarrak bateratzeko”.

“Laguntzeko prest” daudela gaineratu du suhiltzaileak. “Hemen gaude. Trebakuntza eta baliabideak ditugu eta hemen egongo gara beti, laguntzeko prest”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide