ERREPORTAJEA

Greba digitala, sektorea babesteko laguntzak eta neurriak argitzeko

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko api. 21a, 07:00
Kultur emanaldien jarduerak kolokan jarri ditu areto eta sortzaile ugari. / Aiaraldea.eus

Kultur greba deitu dute euskal sortzaileek apirilaren 21 eta 22an. 850 atxikimendu baino gehiago jaso ditu deialdiak. Larrialdi egoera "iraunkorrean" bizi direla ohartarazi dute eskualdeko zenbait artistek.

Greba digitala egingo dute astearte eta azteazkenean euskal sortzaile eta kultura eragileek. Larrialdi egoeran, kulturgileak laguntzeko neurri gabezia salatu nahi dute horrela.800 kulturgilek baino gehiagok deitu dute greba. Hiru helburu nagusi ditu ekimenak: neurriak exijitzea, gogoeta bultzatzea, eta euskal kulturgintza saretzea. Hala, Euskal Herriko erakundeei epe ertain-luzerako proposamenak gauzatzea eskatu diete, eta batzorde iraunkor bat.

Berrogeialdia hasi zenetik, itxita daude aretoak, eta gaur-gaurkoz ez dago jakiterik antolatu ahalko diren kultur ekitaldiak.

Aretoekin batera, ate asko itxita

Burubio Kultur Elkarteak, adibidez, martxo eta apirileko egitarau osoa utzi zuen bertan behera alarma egoera ezarri baino bizpahiru egun lehenago: "Erabaki oso zaila izan zen, Madriletik eta Salamankatik bi talde zetozen eta. Laugarren urteurren jaialdia ere bertan behera utzi behar izan dugu. Egoera honek hankaz gora jarri ditu gure bizitzak, eta kultura eta musika horren barnean daude, noski". Egoitz Palacios kidearen esanetan, berrogeialdiak ez dio programazioari soilik eragin: entsegu lokalak eta grabaketa estudioetako jardunak ere gelditu dira. "Horrek ez du esan nahi fakturarik ez dugunik ordaindu behar. Egoera hau aintzat hartuta, gure ibilbidean izan dugun -eta izango dugun- erronkarik handiena izango dela asimilatzen hasi gara", dio. Burubioko kidea ez ezik, soinu teknikaria ere bada Palacios. Zentzu horretan, kolpea handia izaten ari da, bere iritziz: "Amurrio Antzokian zein Gasteizko Printzipal Antzokian egiten dut lan udaberri eta neguan, udan herriko jaietan... Sustraiak Records nire grabaketa estudioan ere nabaritu dut kolpea: bi talderen lan berriak grabatzeari ekin genion urte hasieran eta egoera honen ondorioz prozesu hau eten egin da ere".

 

Aurrera begira, zail ikusten du buelta ematea: "Oso argi daukagu, lanera itzuliko garen azken sektorea gara. Kezkarik garrantzitsuena ez da noiz itzuliko garen, zein egoeratan itzuliko garen baizik. Zein baldintzetan? Zenbatekoa izango da iragarritako krisi ekonomikoak programazioan izango duen eragina? Zenbat murriztuko dute kulturaren aurrekontua udal eta diputazioetan? Zenbat areto txikik ezin izango diote krisi honi aurre egin?  Milaka galdera ditugu buruan".

 

Hala ere, konfinamendu egoerak kulturaren garrantzia egunerokotasunean azaleratu du, amurrioarraren ustetan: "Spotifyk, Netflixek... inoiz baino erabiltzaile gehiago dituzte orain,  edota Instagramen kultur sortzaile pila batek zabaldu dituzte euren sorkuntzak". Soluzioa garbi du: "hau guztia pasatzean jendea zuzeneko kultura kontsumitzera animatu beharko litzateke, sektoreko eragile guztiak zuzenekoetatik bizi baikara, kultura leku eta espazio txikietan hazten da".

 

Laguntza murritzak

Esti Urresola zinema zuzendariak beste lurralde batzuetako politikak jarri ditu mahai gainean, "neurri bereziak eskatzen ari da sektorea, Frantzian eta Alemanian bezala". Geldialdi ekonomiko eta soziala "sekulako sarraskia" izango delakoan dago. Kulturaren alorrean intermitentzia eguneroko ogia da, erantsi duenez: "Horixe da sektorearen berezko ezaugarrietako bat. Frantzia bezalako herrialdeetan krisialdi aurretik ere, bereizgarritasun hori aintzat hartzen zen sektorearen kotizazio baldintzak kalkulatzerakoan. Horregatik krisialdiari aurre egiteko neurriak arautu dituztenean ere sektorearen bereizgarritasun horiek oso kontutan izan dituzte, Espainian ez bezala". Hala ere, ikus-entzunezko langile ugarik ezin izan dute ezarritako neurri eta laguntzetara atxikitu, "eskatzen diren baldintzak betetzea ezinezkoa zaielako". Zentzu horretan, ezin daiteke neurri orokorrekin larrialdia konpontzen saiatu laudioarraren aburuz, "neurri sektorialak beharrezkoak dira".

Azken boladan, herritarren eskura jarri dira makina bat kultur lan: filmak, kontzertuak.... "Kultur eragileok beti elkartasuna adierazi dugu. Ez dugu gizartearengandik bereiztu nahi, grebaren aldarrikapena administrazioaren aurkakoa da. Kirol federazioetan gisa, zergatik ez dira kulturan ere laguntzak ezarri?". Deialdiak izan duen jarraipenaz, kultur sektorean dauden behargin andana ekarri du gogora: "Kultura gure gizartearen industria ehunaren zati oso handi bat da; familia asko bizi dira hortik, eta bizitza horiek bermatzeko neurriak ari gara eskatzen".

Eriz Perez musikari eta irakasle urduñarrak, baliatutako politiken gabeziak azaleratu ditu: "Eusko Jaurlaritza, ETB eta Konfebasken jarrera psikopata izan da. Adibidea jarriko dizuet: ikastetxeak ixtean nire musika eskola eten egin nuen arduragatik, politikarien agindua jaso aurretik. Guretzat osasuna da garrantzitsuena, pertsonak eta bizitzak dira lehenetsi beharrekoak. Denok aletxoa jarriko bagenu, azkarrago aterako ginateke honetatik. Ideologiatik harago, gizatasun kontua da". Krisialdiaren aurrean, txalo gutxiago eta lan baldintzak defendatzeko babesa adieraztea eskatuko luke urduñarrak.

 

Prekarietate handia

17 urte daramatza kultur sektorean lanean Perezek, "eta zinez diot ez dudala inguruan horrenbeste prekarietate ezagutu, zaintza eta etxeko-langileen pare, ahal duena soilik salbatzen da, sekulako ahanztura dago guganako". Krisiak mahai gainean jarritako arazoak lehendik ere bazeuden, bere iritziz: "Gure sektorea ez dago arautua, autonomoa izatea edo 'Artista eta toreatzaileen erregimena' aukeratzea da gauzak legez egiteko modu bakarra". Esti Urresolarekin bat etorriz, Frantziako eredua aipatu du, beka eta subsidioak dituzte eta, "urtebetean emanaldi kopuru jakin bat kotizatzera derrigortuta daude, baina laburbilduz, kultura zaintzen dute, Espainian ez bezala". Izan ere, musikagintzan ez dago sindikaturik, ez erregularizaziorik ere, "bakoitzak eskaintzen diotena jasotzen du, ez dago hitzarmenik".

 

Euskal Herriko egoeraz galdetuta, kultur enpresen eredua ere jarri du ezbaian, "eurek ere bilatzen dute negozioa, eta prekarietatea sustatu". Sortzailearen lana eta ordaina ez datoz inolaz bat: "Jendea ez dago prest ordaintzeko, dena dago eskura... Kontzertuko sarrerak garestiak direla diote, ez dira horrenbeste disko erosten, ez eta artistak babesten". Horregatik uste du eredua birplanteatu behar dela. Logika kapitalista gailentzen da, oro har, haren esanetan: "Diru hau ordainduko diet taldeei, jendea etor dadin. Logika hori merkantilista eta neoliberala da, eta salatu behar da. Ekitaldi gehienetan gertatzen da hori".

 

Bihar eta etziko grebarekin batera, gogoeta eta babes keinu berriak beharko liratekeela pentsatzen du: "Oso polita da babestea kultura, baina eguneroko ekintzekin adierazi behar da hori. Arazoa ez da koronabirusak eragindako krisia, sistema kapitalista neoliberal eta hiltzailea baizik".

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide