Ohar batean adierazi dutenez, ekintza hau “etxean euskaraz hitz egiteko aukerarik ez duten haur eta nerabeei” egongo da bideratuta bereziki, baina helduek ere parte hartu ahalko dute. Hamabost minutuko iraupena izango dute hizketaldiek, boluntario batek zuzenduak, eta gaia librea izango da, nahiz eta hobesten diren gaien inguruko txosten bat prestatuta duten.
Aiaraldea Zainduzetik hainbat ikastetxerekin jarri dira kontaktuan haien zerbitzuak eskaintzeko. Dena den, iniziatibaren helburua ez da akademikoa izango, antolatzaileek azaldu dutenez, “zerbitzu bat eskaintzea” baizik, herritarren euskara maila ahalik eta ondoen mantentzea helburu.
Praktika hauek burutu nahi izatekotan 618 978 192 telefonora edo aiaraldeazainduz@gmail.com helbidera bidali beharko da mezua. Hala, zaintza eta laguntza sareak mintzakide boluntarioak eskainiko ditu, berrogeialdian euskaraz hitz egin ahal izateko. Informazio guztia sare sozialetan jarri dute eskura.