Aiaraldean koronabirus positibo bakarra egon zen atzo, Amurrion

Aitor Aspuru Saez 2020ko api. 25a, 12:48

Laudioko anbulatorioa gaur./ Aiaraldea.eus

Ostegunean 4 kasu berri detektatu eta gero, atzo aurreko eguneko kopuruetara heldu ziren Osakidetzako datuak, eta gaixo berri bakarra detektatu zuten Amurrion.

Osakidetzak jakinarazi berri du atzo koronabirus positibo bakarra aurkitu zuela Aiaraldean, Amurrion hain zuzen. Horrekin, 249 kasu detektatu ditu eskualdean, baina azken astean nabarmen jaitsi dira gaixo berriak. Astelehenean ez zuten bat bera ere erregistratu, asteartean eta asteazkenean bina egunero, ostegunean 4; eta atzo, azkenik, bakarra.

Horrela, Laudiok 96 kutsatu ditu, Amurriok 71, Urduñak 26, Aiarak 24, Orozkok 17, Artziniegak 9 eta Okondok 6. Berez, pasa den astean, egunero kasu kopuruak 5 izan ziren gehienez. Are, soilik gainditu zen kopuru hori pasa den larunbatean, Urduñako nagusien egoitzan egindako testen ondorioz. Izan ere, 5 kasu aurkitu zituzten bertan.

Oro har, positibo bakarra edo 2 topatu ditu egunero Osakidetzak apirilaren 13tik gaur arte; eta diagnostiko berrien kopurua egonkortu da, grafikoan ikus daitekeen moduan.

EAEri dagokionez, positiboak ez dira jaitsi azken egunetan arrazoia argia dela medio: test kopurua biderkatu da. Esaterako, atzo 348 kasu berri identifikatu bazituzten, baina 5.343 test egin zituen horretarako. Apirilaren 10ean 366 gaixo erregistratu zituzten, baina egindako azterketak 1.672 izan ziren.

Guztira, 14.132 kutsatu daude EAEn: 8.025 Bizkaian, 3.551 Araban eta 2.556 Gipuzkoan. Hildakoen kopurua 1.212ra heldu da, eta horrek esan nahi du 19 kagun gehiago zendu direla. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide