Bi kotxe karabana egingo ditu LABek maiatzaren 1a ospatzeko

Julen Solaun Martinez 2020ko api. 30a, 18:00
Ezingo da beste urteetako irudia errepikatu maiatzaren 1ean. / Aiaraldea.eus

Sindikatuko delegatuek bakarrik parte hartu ahalko dute karabanan. Eguneko beste ekintza guztiak YouTube bidez egingo dira LABen kontuan.

Maiatzaren 1a dela eta LAB sindikatuak mobilizazio ibiltariak antolatuko ditu Aiaraldean, bi kotxe karabana eginda 10:00etatik 11:30etara. Batek Laudio eta Orozko arteko tartea beteko du eta besteak Amurrio eta Urduña artekoa. Kontuan hartu beharra dago sindikatuko delegatuek soilik parte hartuko dutela, baimen berezia lortu baitute. Karabanak suhiltzaileen eta osasun langileen egoitzen aurrean geldituko dira, haien lana omentzeko asmoarekin.

Sindikatu abertzaleak egun osoko egitaraua prestatu du; bere YouTube kanaleanstreaming bidez jarraitu ahalko direnak. 11:35ean Hokoke dokumentalaren proiekzioa egingo da. Amaitu eta jarraian, 12:30ean, eguneko ekintza nagusia egingo dute: Ulises Gullarte Central de Trabajadores de Cuba-ko kidearen agurrarekin eta LABeko idazkari nagusiaren, Garbiñe Aranbururen, mezuarekin.

16:30etatik aurrera jarraituko dute programazioarekin Hotel explotación dokumentalaren emisioarekin. Ondoren, 17:30ean, zaintzaren inguruko solasaldia antolatuko dute, Maria Sarasola helduen egoitzetako erizainarekin, Josefina Roco Sanfilippo politologoarekin eta Eli Etxeberria LABeko idazkari feministarekin. Aiora Imaz LABeko Barne Komunikazioko arduraduna izango da moderatzailea.

Amaitzen joateko, Shockaren doktrina dokumentala proiektatuko da 18:20ean eta, 19:45etatik aurrera, “mundua eraldatu duten langileei txaloak” eskaintzeko deia luzatu dute, leiho eta balkoietan gehiengo sindikalak sustatutako ikurra jartzeko deia eginda.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide