Kokoriko Hezkuntza Faktoriak umeak eta nerabeak kalera ateratzeko gida atera du. Testuan azaldu moduan, “Alarma Egoerarekin ez dira kontuan hartu haurren eta nerabeen oinarrizko eskubideak eta beharrak, ezta beraien osasun integralerako beharrezkoak diren neurriak ere”. Kokorikoko kideen iritziz, 14 urtetik beherakoak “modu traketsean eta zehaztasun gutxirekin” kalera irteteko baimena eman du Espainiako Gobernuak, eta ondorioz, aholkuz beteriko gida zabaldu dute.
Lehenik eta behin, haurrei ea kalera atera nahi duten ala ez galdetzea gomendatu dute, helduak erantzunaren arabera moldatzeko ekintza. Era berean, Kokorikoko kideek seme-alaba bakoitzaren “beharrezko denbora errespetatzea” eskatu dute, etxean geratzeak ez duela sozializazio prozesua etengo gehituta: “Kalera irteteak gonbidapena izan behar du, ez inposaketa bat”.
Harira, behar sanitarioa dela eta jarritako mugak errespetatuta, kalera ateratzekotan “kanpoko espazioarekin kontaktua izatea” garrantzitsua dela adierazi dute. Ildo beretik, haur eta nerabe bakoitzari modu askean mugitzen uztea ere eskatu diete gurasoei, nahiz eta aldez aurretik finkatutako ibilbidea izatea aholkatu.
Arrazoi horrengatik, etxetik irten aurretik ibilbidea denboraz eta denen artean prestatzea hobetsi dute Hezkuntza Faktoriatik, baita gutxieneko arau batzuen finkapena ere.
Horrez gain, kalera ateratzeko denbora hori haurrarena dela gogorarazi nahi izan dute, “ez helduarena”.
Hala ere, etxera bueltatzean haur eta nerabeen partetik haserrealdiak egotea posiblea dela adierazi dute gidan, eta “deskarga emozionalak” direla azaldu dute. Zentzu horretan egoera ahalik eta hoberen kudeatzeko aholkuak ematen dituzte txostenean, hala nola: Aurpegiratzeak ekiditea, bere frustrazioa ulertzen dela adierazi edota uneoro gertu geratzea. Garrantzitsuena, beraz, haurrarekiko harremana eta konfiantza zaintzea da, Kokorikoko kideen aburuz.
14 eta 18 urte tarteko nerabeen inguruan ere mintzatu dira gidan, eta “harreman eta kudeaketa sozial desberdina” behar dutela zehaztu dute, haurtzaroaren eta helduaroaren tartean baitaude. Haien hiru behar nagusietara egokitzea eskatu diote jendarteari: Lagunekin egotea, guraso eta familiarekin ez egotea eta ardura dutela sentitzea. Horretarako gakoetako bat haien intimitaterako tarteak uztea da.
Hemen deskargatu daiteke gida.