ANALISIA

Lan istripuak: Aiaraldeko pandemia zaharrak ez du etenik

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 5a, 16:05

Zorrozako lan heriotza salatzeko mobilizazioa, fabrika aurrean. / Aiaraldea.eus

Gaur eguerdian beste langile bat zendu da Aiaraldean. Koronabirusak eragindako osasun larrialdia hasi zenetik, lan istripuak eta heriotzak ez dira gelditu lan esparruan, nahiz eta Covid-19ak atentzio guztia jaso.

Lan istripuei dagokienez, Aiaraldean iazko uztailean hasi zen joera ez du ezerk gelditzen, ezta koronabirusak ere. Gaur beste langile bat zendu da bere jardunean, Luiaondon. Zenbait hedabidek azaldu dutenez, hildakoak 40 urte zituen eta Zeanurikoa zen. Horrenbestez, 10 hilabetetan eskualdeari lotutako 6 langilek galdu dute bizitza beharrean.

Zerrenda garratz hori iazko uztailean abiatu zen Tubacexen, Laudioko gazte bat hil zenean herri bereko faktorian. Irailean Aceralavan -Amurrion-  hil zen beste laudioar bat. 2020ko otsailean herri bereko beste bizilagun batek galdu zuen bizia Galdakaoko GHI Hornos Industriales enpresan. Otsailaren 24an, aldiz, behargin senegaldarra hil zen Murgako Zorroza Gestión de Residuosen. 

Hori gutxi balitz, pandemiaren erdian, apirilaren 16an, Laudioko beste herritar bat hil zen bere lanpostuan, Arrigorriagako Talleres Berasategui enpresan. Osalanek adierazi zuen hasierako txostenean gertakaria ez traumatikoa izan zitekeela.

Edonola ere, osasun larrialdiak iraun bitartean, langileen eta enpresen zuzendaritzen arteko talkak ohikoak izan dira hainbat enpresa garrantzitsutan; Tubacexen edo Tubos Reunidosen, esaterako, eta erakundeek ez dute interes berezirik erakutsi langileen aldarrikapenetan.

Horrela, segurtasun erronka berriei gabezia zaharrak gehitu zaizkie. Tubos Reunidos lantegiko behargin batek, adibidez, ospitalean bukatu zuen apirilaren amaieran. Sindikatuek salatu zuten aspaldi hori gerta zitekeela, baina inork ez zuen ezer egin istripua eragindako makinaren arazoari aurre egiteko.

Gauzak horrela, erakunde publikoei, bereziki tokikoei, eskatu behar zaie eskualdeko beste pandemiari ere erreparatzea. 6 lan heriotza nahikoa eta soberan izan beharko lirateke horretarako.

Hala ere, guztiz kontrakoa gertatu da azken hilabeteetan, eta enpresetan ez dute lan ikuskaritzaren berririk izan.

Munduko pandemiak txunditu arren, Aiaraldeko gaitz sozial eta ekonomikoei heltzeko ordua izaten jarraitzen du. Agian zuhaitzek ez dute basoa ikusten uzten, baina gaur pinu batek beste behargin bat hil du, eta ohitura bilakatzen ari da langile bat lurperatzea bi hilean behin. Naturaltasunez hori onartu ez duen gizartea izan nahi badugu jadanik berandu gabiltza, bereziki instituzioak.

Covid-19ak ez ohiko neurriak hartzera behartu gaitu, zer beharko dugu eskualdean odoluste honi amaiera emateko?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide