Eskualdeko euskal preso politikoek bisitarik gabe jarraituko dute sakabanaketaren ondorioz

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 14a, 09:30
Idoia Martinez zoriontzeko A Lama espetxera eginiko bisita. / Aiaraldea.eus

Espainiar zein Frantziar Estatuek bisitak ahalbidetzeko neurriak iragarri badituzte ere sakabanaketak eragotzi die Aiaraldeko euskal preso politikoei senideak, abokatuak edota lagunak ikustea.

Espainiako eta Frantziako Estatuek zenbait neurri hartu dituzte kartzelan dauden lagunek bisitak izan ditzaten. Hala ere, Aiaraldeko presoek, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide gehienek bezala, ez dute horretarako aukerarik izango momentuz.

Etxerat elkarteak salatu duenez, euskal preso politikoek ez dituzte betetzen frantziar zein espainiar sakabanaketa politikak ezarritako baldintzak. Adibidez, Espainiar Gobernuak soilik baimentzen ditu bisitak 1. Fasean dauden probintzietan, baldin eta bisitariak eremu berean bizi badira. Zentzu horretan, Iñaki Krutxaga Almeriako presondegian dago, eta Idoia Martinez, aldiz, Avilésen (Asturias), euren lagunak eta senideak Euskal Herrian bizi diren bitartean.

Gobernu Frantziarrak, ordea, bakarrik irekiko die atea kartzelara hurbiltzeko 100 kilometro baino gutxiagoko bidaiak egiten dituztenei. Hori dela eta, Alaitz Aramendik senideak eta lagunak ikusi gabe jarraituko du, Renneseko espetxean baitago.

Horrez gain, senideek gaineratu dute, momentuz, Hegoaldetik Iparraldera igarotzea ezinezkoa dela, muga itxita baitago. Gauzak horrela, orozkoarraren familiak uste du ekainera arte, gutxienez, ez dutela ikusiko.

Gogoratu beharra dago martxoaren hasieran uko egin zietela euskal preso politikoek bisitei, pandemiaren zabalpena ekiditeko. Hortaz, bi hilabete egin dituzte senideekin edo lagunekin harreman zuzena izan gabe, soilik telefonoa baliatu dezakete eta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide