LANTEGIETAKO EGOERA

1,6 milioi euroko galerak izan ditu Tubacexek urteko lehen hiruhilekoan, iaz baino gehiago saldu duen arren

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mai. 15a, 19:51

Tubacexen lantegietako baten artxibo irudi bat. / Aiaraldea.eus

Koronabirusak eragin ditu emaitza negatiboak, zuzendaritzaren aburuz. 

1,6 milioi euroko galera ekonomikoa izan du Tubacexek urteko lehen hiruhilekoan, iaz denbora tarte berean 1,8 milioi irabazi zituen bitartean. Hala jakinarazi du enpresa taldeak emaitzak aurkezteko eginiko txostenean. Zuzendaritzak esan du emaitzak hori lortu nahi zutenetik "urrun" dagoela, eta koronabirusaren krisiak eragin duela nabarmendu dute. 

Taldearen arabera, ekoizpena %50era murriztu behar izan dute martxoan, gobernu askok ekoizpena gelditzeko agindua eman dutelako (Euskal Herriko, Italiako eta Indiako lantegien kasuan) eta beste toki batzuetan segurtasun tarteak bermatu behar izan dituztelako. Gainera, petrolioaren eta lehengaien prezioa jaitsi egin da, eta horrek ere eragina izan du tutuen merkatuan. 

Salmenta gehiago
Hala ere, egoerak ez dio Tubacexi gehiago saltzea eragotzi. 153,7 milioi eurotan baloratutako salmentak burutu ditu urtarriletik martxora bitartean, iaz denbora tarte berean lortutakoa baino %7,1 gehiago.

Dena dela, salmenta horiek aurreikusitakoak baino gutxiago direla nabarmendu dute zuzendaritzako kideek, eta aipatu dute “kostuak murrizteko plan” bat garatu dutela, “maila guztietan” eragin duena. 

Akziodunei dibidenduak banatzeari utzi dio taldeak, baina banaketa horri berriz ekiteko konpromisoa hartu du, “COVID-19aren krisiaren efektuak” hobeto baloratzeko aukera dutenean. 

Etorkizun ezegonkorra
Gauzak hala, etorkizuna ezegonkorra dela nabarmendu du zuzendaritzak, ez dakitelako oraindik koronabirusaren ondoriozko krisi ekonomikoak zer nolako eragina izango duen taldearen emaitzetan. Gauzak hala, “funtsezko erronka” izango du taldeak: kutxan duen dirua ez murriztea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide